GARA > Idatzia > > Kultura

150.000 urtek desagerrarazi ez dituzten bizitzaren aztarnak

Lehenengoz Joxe Migel Barandiaranek induskatu zuen 1950eko hamarkada amaieran eta, ondoren, Aranzadi Zientzia Elkarteak hartu zuen erreleboa 1996an. Orduztik, atsedenik gabe jardun dute Lezetxiki (Arrasate) haitzuloak gordetzen duen ondare historikoa aztertzen. Aurten ere ez da aldaketarik izan, eta bihar amaituko ditu ikerketa taldeak hiru asteren buruan egindako lanak. Animalien aztarnak eta giza tresneria dira gehien aurkitu dituzten materialak.

p040_f01_148x224.jpg

Ariane KAMIO | ARRASATE

Alvaro Agirrezabalagaren eta Maria Jose Iriarteren zuzendaritzapean, Aranzadiko ikertzaile talde batek indusketa lanak egiten jardun du hiru astetan Lezetxikiko (Arrasateko Garagartza auzoa) bi leizeetan. Joxe Migel Barandiaranek 1956an hasitako lanari jarraipena emanaz, hamalaugarren kanpaina amaituko dute bihar eta egindako lanaren ostean lortutako emaitzak ez dira nolanahikoak. Hiru hartzen hezurdura osoak osatu dituzte, orain dela 150.000 mila urte bertan bizi zirenak, eta gizakiaren presentzia baieztatzen duten material gehiago azaleratu dute; kasu honetan, lanerako erabiltzen zituzten hainbat erreminta.

Arrizabalagak «hartzen habiatzat» jo zuen Lezetxiki hegoaldeko profila. «Gaur egungo hartzek eta garai hartakoek ere, uda eta udaberria jaten igaro ostean, negua bertan pasatzen zuten. Baten batzuk, ordea, zaharrak zirelako edo behar zuten koipe kantitatea ondo kalkulatu ez zutelako, bertan hil ziren». Gure egunetan, hala ere, ez da ohikoa hezurdura artikulatuta aurkitzea, «osorik, bere hezur guztiekin eta bakoitza bere tokian». «Horrek adierazten du -gaineratu zuen- leku honetan oso sedimentazio arina gertatzen dela eta hori Europako oso leku gutxitan aurkitzen da».

Iriarteren esanetan, hartz horiek gaur egungoak baino askoz handiagoak ziren: «Bi metroko altuera zuten eta ar handienek 600 kilotik gorako pisua izan zezaketen». Aurkitutako espeziea Ursus deningeri izenarekin ezagutzen da, leizeetako hartzaren aurrekoa, eta Europako hego-mendebaldeko inguruetan agertzen den espezie zaharrenetakoa eta ondoen kontserbatzen dena da osorik aurkitu dituztelako. Aurtengo ekinaldian matrailezurrak, ornoak eta beste hainbat zati aurkitu dituzte, hartza hil zen bezala, hezurduraren ordena errespetatuta. Hamalau kanpainen buruan, M, N eta O mailak induskatu dituzte. Aurtengoan N mailakoa agortu dute, bertan agertu direlarik hartzen hezurdura nagusiak: «Hiru hartza horiek batu egin ditugu, mantso-mantso induskatu dugu, eta agortuta dago». Bertako lanak amaituta, beherago jarraitu dute lanean, O mailan eta, oraindik hasi berriak diren arren, «aurrekoaren itxura berbera duela ematen du, batez ere hartzen hezurdurak, beste animalienak (bai haragijaleak eta bai belarjaleak) eta gizakiak utzitako tresneria aurkitzen jarraitu dugulako».

Hegoaldeko profilean hurrengo urteetan lanean jarraitzeko asmoa dutela jakinarazi zuen Arrizabalagak, haitzarekin jo arteraino behintzat, «gainontzean ez baitugu jakingo azpitik zerbait dagoen ala ez».

Lanak aurreratuago dituzte Lezetxiki II deritzon barrunbean, eta alboko haitza bistan dute dagoeneko. Hala ere, oraindik egitekorik badagoela adierazi zuen: «Zenbat eta ekinaldi gehiago egin, etekinak orduan eta handiagoak izango dira, maila hau baita benetan apartak, ezezagunak eta ilunak diren elementuak gordetzen dituena». Hegazti identifikagarri ugariren presentzia azpimarratu zuen baina, kontran, datazioak egiteko zailtasunak itzelak direla nabarmendu zuen, kontserbazio arazoak medio. Nolanahi ere, sedimentu osoa aztertu arren, azken azalera horretan gizakiak sortu tresneria ugari aurkitu dute, Irikaitzeko (Zestoa) aztarnategian topatutakoaren oso antzekoa.

Gizakiaren garapena

Lezetxikiko indusketa lanak Joxe Migel Barandiaran antropologoak hasi zituen 1956. urtean, eta bertan jardun zuen 1968ra birtarte. Kobazulo hura, naturaren indarrarekin, uraren pasabide, tunel bilakatu zen, sedimentu geruza ugari sortu zirelarik. Barandiaranek ehun metro koadroren gaineko indusketak egin zituen, eta beste gauza askoren artean, Neanderthal gizakiaren zenbait hortz eta giza besahezur bat topatu. Agirrezabalagaren arabera, ordea, Neanderthaltzat jo zen hura, azken azterketen arabera, Neanderthal zaharraren edo heidelbergensis (aurreko espeziea) delakoaren garaikoa izan liteke. Hala ere, Lezetxikin Neanderthalen garapena «garbi» ikusten dela nabarmendu zuten indusketako bi zuzendariek: «Bi trantsizioen aztarnak ikusten dira; batetik, azken Neanderthalek lehenengo Cro-Magnonei bere lekua utzi zietenekoa, eta bestetik, lehenengo Neanderthalen presentzia, Homo heidelbergensis espeziearen oinordeko gisa». Zentzu horretan, 140.000 eta 40.000 urteen arteko garaia antzematen da aztarnategian gizakiaren hezurdurekin, materialen agerketarekin, baita testuinguru ekonomiko eta sozialarekin ere.

Barandiaranen ikerketen ostean, 28 urte geroago, Aranzadi Zientzia Elkarteak berhartu zuen indusketen jarduna. Ataungo ikerlariak azken lana egin zuen tokitik beste hiru maila arkeologiko aztertu dituzte azken hamalau kanpainetan. «Guztietan gizakiaren presentzia agertzen da, baina nahiko noizbehinkakoa», esan zuen Agirrezabalagak. Bere ustetan, hartzen arrastoak eta gizakiarenak leku berean aurkitzeak ez du esan nahi garaikideak direnik. Hala ere, kronologiaren aldetik, 150.000 urteko muga igaro duten materialen aurkikuntzak egin dituztela nabarmendu zuen. Funtsean, Lezetxikiko aztarnategia Kantauri isurialde osoan, Galiziatik Pirinioetaraino, dataziorik zaharrenak dituena da.

Hiru asteko lanak badirudi ez duela etekin askorik ematen, baina guztiz alderantzizkoa gertatzen da; bildutako guztiarekin, ostegunetik aurrera, EHUk Gasteizen duen campusean lauzpabost hilabetez laborategiko lanak egiten jardungo dute.

HARTZAK

Aurkitutako espeziea «Ursus deningeri» izenarekin ezagutzen da, leizeetako hartzaren aurrekotzat jotzen dena, eta Europako hego-mendebaldeko eremuan agertzen den espezie zaharrenetakoa da eta ondoen kontserbatzen dena, hezurdurak osorik aurkitu baitituzte.

150.000 URTE

Hiru hartzen hezurduraz gain, beste animalia batzuen ornoak ere aurkitu dituzte, baita gizakiak utzitako tresneria eta bestelako hainbat hondakin ere, polena, kasurako. Guztiak orain dela 150.000 urtekoak dira eta batzuetan muga hori ere igaro dela uste dute ikerlariek.

350 METRO KOADRO

Hitzorduari lotutako zenbakiak deigarriak dira. Lehenik eta behin, lehiakide guztien artean 140 metro karratu margotuko dituzte, eta, horrez gain, lehiaketaz kanpo beste 170 hartuko dituzte.

500 LITRO MARGO

Esprai poto asko erabili behar izango dira, 380 litrorekin egingo baita Spraikada; 950 poteko kantitatera iritsita. Erakusketarako, horrez gain, beste 120 litro beharko dira.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo