GARA > Idatzia > Iritzia > Txokotik

Maider Eizmendi Kazetaria

Elkartasunak bultzatuta gizentzen

Askok irribarretxoa eragiten dute, beste batzuek ardura, baina e-mailez jasotzen diren mezu eta bideo xelebreek bestelako hausnarketa eragiten dute gehientsuenetan:«Baina, zer arraio, jendeak ez du lanik egiten?»; izan ere -eta ez da nire asmoa inori min egitea-, aspertuta egon behar du gero batek horrelako kontuak egiten aritzeko. Nork bere afizioak ditu, ordea.

Larrietan larriena, baina, xelebrekeriak ikertzeko dirua xahutzea da, noiz eta diru premia inoiz baina handiagoa den honetan. Interneten gora eta behera, hara non topatu dudan izenburu xelebreko ikerketa hau: «Gizonezkoak zergatik gizentzen dira eta izaten dituzte gutiziak aita izan behar dutenean?». Aitortu beharra dago kasu honetan publizitate enpresa batek gidatu eta bultzatutako azterketa dela, baina ezaguna da sasi-zientzia alorrean makina bat ikerketa «inozo» egiteko dagoen joera, maiz helburu traketsekin, gainera. Bestela nola azaldu gizon eta emakumeen arteko «ezberdintasunak» azaltzen tematzen diren lanak? Ikerketa honek bereziki deitu dit atentzioa, batez ere eskaintzen dituen xehetasunengatik: 5.000 gizon elkarrizketatu omen dituzte, eta bataz beste, 6,35 kilo irabazten dituzte ikerketa honen arabera haurdunaldian zehar. Are gehiago ia laurdenak arropa berezia erosi behar izan omen du, galtzetako botoia lotzera iristen ez zelako. Gehiago jaten omen dute aita izan behar duten gizonek, eta gutizia moduan txokolatea, pizza edota garagardoa eskatzen omen dituzte maiz. Pisu igoera agertzeko emandako azalpena da, ordea, ikerketa honen alderik interesgarriena: bikotearekiko elkartasunak bultzatuta gizentzen direla dio ikerketak; gehiago jaten dute bai, baina ez kapritxoak bultzatuta, baizik eta gizentzen ari den aldamenekoa gaizki senti ez dadin. Azala behar du gero!

Adin kontuagatik, gero eta gertuago bizi ditut nik haurdunaldiak eta orain artean ez nuen inoiz erreparatu aita izan behar duten lagunen gerri bueltan. Orain pertsona bat «eskuzabala» eta ona den jakiteko beste bitarteko bat dugu. Hartu metroa, beraz.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo