GARA > Idatzia > > Ekonomia

Zitek Bilbao inauguratu dute, oinarri teknologikodun enpresen mintegia

EHUko Ingeniarien Goi Eskola Teknikoan kokatu da Zitek Bilbao, oinarri teknologikodun enpresen mintegi berria. Unibertsitateko eta Bizkaiko Aldundiko arduradun nagusia bertan izan ziren atzo, egitasmo honen lehen pausoak bertatik bertara ikuskatzeko.

GARA |

EHUko errektore Iñaki Goirizelaia eta Bizkaiko ahaldun nagusi Jose Luis Bilbao bertan zirela, Zitek Bilbao, oinarri teknologikodun enpresen mintegia, ireki zuten atzo Bizkaiko hiriburuan, Ingeniarien Goi Eskola Teknikoan, hain zuzen. Aipatu erakundeek zentroa martxan jartzeko atzo bertan sinatutako hitzarmenarekin batera jaio da Mintegia, eta egitasmo honen bultzatzaileek adierazi zutenez, lankidetza-hitzarmena 2011ra arte egongo da indarrean.

Besteren artean, bertan aipatzen da EHUk 200 metro karratuko esparru bat egokituko duela Mintegiarentzat, Bizkaiko Foru Aldundiko Berrikuntza eta Ekonomia Sustapen Sailak 431.289 euroko inbertsioa egingo duela, eta Bizkaiko Enpresa eta Aurrerapen Zentroak (BEAZ) Zitek laguntzeko bitartekoak eta tresnak jarriko dituela.

Enpresa mundura hurbildu

EHUk enpresa berrien sorkuntzaren sustapenaren bidez enpresa mundura hurbiltzeko duen politikaren ildoari jarraituko dio Zitek Bilbao zentroak, atzo azaldu zuten legez, eta, ildo honetan, Unibertsitateko irakasleen eta enpresetako profesionalen arteko lankidetza sustatuko du, baita ikasleei lan munduan sartzea erraztuko ere.

Aipatu bezala, Zitek Bilbao zentroak 200 metro karratuko espazioa hartuko du EHUko Ingeniaritza Goi Eskola Teknikoan. Horietatik 55 metro karratu eremu komunetarako izango dira, eta bertan hainbat zerbitzu jarriko dira. Beste 25 metro karratu sustatzaileei eskainita egongo dira, enpresen sortze prozesuaren lehenengo fasean.

Bestetik, 120 metro karratu oinarri teknologikodun enpresa berrientzako lau modulutan banatuko dira, eta gune hau sortze fasera zuzenduta egongo da.

osatu

Bilboko Mintegi berri honek Portugaleteko Nautika Goi Eskola Teknikoan dagoen Unibertsitateko Enpresa Mintegiak eta Leioan dagoen Zitek mintegiak ematen duten eskaintza osatzen du.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo