GARA > Idatzia > > Euskal Herria

«`Ahora te vas a ir con tu amigo Manex, hijo de puta' esanez eraman ninduten»

Koldo SEARA
Igandean Villabonan atxilotua izan zen gaztea

Igande goizaldean, bera jipoituz eta segidan atxilotuz erantzun zion Ertzaintzak entzun behar izan zituen «Non da Jon?» galderei. Seara oraindik ere harriturik dago, baina min gehiago ematen dio ertzainen esku jasotako jipoiaren ubelduengatik.

Zer gertatu zen, bada, igande goizaldean Ertzaintzak atxiloturik eramateko?

Egun hauetan Garagardo Azoka egin da Villabonan, eta goizaldean Ertzaintzaren patruila bat ibili zen bertan zeuden kartelei argazkiak eta ateratzen. Baina gu taberna batean aurkitzen ginen gosaltzen.

«Non dago Jon», «Non dago Jon», builaka hasi zen jendea, eta zuzenean niregana etorri ziren. Hasieran patruila bakarra zegoen, baina segituan beste lau edo iritsi ziren eta peloteroekin eta guzti jaitsi ziren jendea mehatxatuz. Bazekiten Manex Castroren laguna naizela eta...

Baina horren gainean ere esan zizuten zer edo zer, ala?

Bai. «Ven con nosotros» esanez hasi zitzaizkidan, eta nik eurekin ea zergatik joan behar nuen erantzuten nien. Gainera, identifikarazi ere ez zidaten egin. «Tú te vienes con nosotros», esan zidaten berriro, eta nik ezetz. Besoak gora altxatzea besterik ez nuen egin, eta kolpetik lau ertzain jausi ziren nire gainera, eta kolpeka hasi ziren: ostikadak buruan eta bizkarrean eman zizkidaten.

Beraz, dena azkar batean gertatu zen.

Bai, bai. Ni jotzen hasi, eta segidan, inguruan zegoen jendearekin eztabaidan hasi ziren. Bitartean, ni beren autorantz eramaten hasi ziren, eta sartzean, «Ahora te vas a ir con tu amigo Manex, hijo de puta» oihukatu zidaten. Eta barrura.

Balkoi batetik ere dei egin zieten ertzainei, eta «tú puta zorra, entra en casa, asesina» erantzun zioten ertzainek. Oso oldarkor aritu ziren, baita jendea mehatxatzen ere.

Eta handik zuzenean komisariara?

Bai, Hernaniko komisariara. Han eduki ninduten arratsaldera arte. Gero anbulatoriora eraman ninduten. Lepo ingurua nahiko izorratuta daukat, urradurekin eta minduta, baina kolpeak buruan eta bizkar osoan zehar ditut.

Bertan lasai utzi ninduten. Abokatuak ordubete zain egon behar izan zuen nirekin egoteko. Gainera, ertzainak gaztelaniaz hasi ziren, eta nik euskaraz egin nahi nuenez, dena polikiago joan zen.

Azkenean zein delitu aurkeztu du Ertzaintzak zure aurka?

Hiru, guztira: «agintarien aurkako atentatua», «desobedientzia» eta «agintariekiko begirunerik eza».

Eta gaur, adibidez, zure atxiloketaren gaineko albistea entzun duzunean, zer pentsatu duzu? Ertzainak kolpatu zenituela esan dute.

Bai, entzun dut, nik jo nituela esan dute. Zer pentsatu? Gezur biribila dela, eta betikoa dela, nahi dutena egiten dutela. Kalte egitera doaz, bai edo bai.

Eta zer moduz aurkitzen zara orain?

Gorputza minduta dut. Eta burua eta ondo, baina... orain ea zer amaiera duen istorio honek. Zeren eta hauekin batek daki.

Gari MUJIKA

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo