GARA > Idatzia > > Mundua

Kanpoko hedabideek istiluetan zeresan handia izan zutela salatu du Jameneik

Irango Ali Jamenei aiatolak hauteskundeen ostean izan ziren istiluetan atzerritarrek zeresan handia izan zutela berretsi zuen atzo. «Kanpotarren, eta, bereziki, beraien hedabideen esku-hartzea nabarmena izan den arren, beraiek hori ukatzen jarraitzen dute», adierazi zuen.

GARA |

Hauteskundeak izan ostean herrialdean gertaturiko istiluen antolaketan kanpoko eragileek zeresan handia izan zutela salatu zuen beste behin ere Irango agintari gorenak, Ali Jameneik. Errepublika Islamikoaren etsai atzerritarrei Mahmud Ahmadinejaderen kontrako manifestazioak sostengatu izana leporatu zien, telebista iraniarrak aditzera eman zuenez.

«Atzerritarren eta, bereziki, beraien komunikabideen parte-hartzea oso nabarmena izan da. Hala izanda ere, Irango barne arazoetan eskua sartu dutela ukatzen jarraitzen dute, eta hori desohore bat da guretzat», adierazi zuen agerraldi batean.

Bereziki Britainia Handiaren eta BBC kate britainiarraren -Iranen duen ordezkaritza- kontra egin dute agintariek. Mobilizazioak eta ondorengo istiluak sorrarazi izana leporatzen diete.

«Irango herriaren etsaiek desordena publikoak eta txikizioak eragiteko aginduak eman dituzte beren komunikabideen bitartez. Aldi berean, ez dutela deus ere egin diote. Gizartean segurtasun gabezia eragin nahi duten horiek gorrotatzen ditu herriak. Oso adi egongo gara», ohartarazi zuen. Ildo horretan, kargu publikoei «Irango etsaiei» ez laguntzeko deia egin zien. «Etsaiei lagungarri zaien edozein adierazpen, ekintza edo analisi nazioaren kontrakotzat hartuko dugu. Eliteek horren jakinaren gainean egon behar dute», nabarmendu zuen.

Mashaiek dimisioa ukatu du

Bestalde, Esfandiar Rahim Mashaie presidenteordeak argitu zuen berak ez duela dimisioa eman. Igandean, Press-TV kate iraniarrak kargua utzi zuela iragarri zuen. «Informazio hori gezurra da. Gobernuaren etsaiek halako zurrumurruak zabaltzen dituzte min egiteko», esan zuen.

jatami

Mohamad Jatami presidente ohiak Gobernuaren zilegitasunari buruzko erreferendum bat egiteko eskatu zuen. Haren hitzetan, hori da krisialdi politikoa gainditzeko bidea.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo