GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Etxean egindako lehergailua atzeman eta indargabetu dute Xantako golf eremuan

GARA |

Donibane Lohizunetik Azkainerako bidean dagoen Xantako golf eremuko jatetxearen atarian zegoen lehergailu bat indargabetu zuen, atzo, Polizia frantsesak. Goizeko zortziak aldera, golf klubeko arduradunek gailu susmagarri bat aurkitu ostean, Poliziak indargabetu egin zuen eta egoera normaltasunera itzuli zen.

Lehergailuak gasolina, osagai kimikoak, bolbora kartutxoak eta erloju-sistema bat zituen, eta inguruan ez zen antzeko erasoetan agertu ohi diren pintadarik agertu.

Hainbat komunikabidek lehergailua Michele Alliot-Marie Justizia ministroaren aitak egindako izen bereko hotelean atzeman zutela zabaldu zuten hasiera batean, baina berehala argitu zen parean dagoen golf eremuko jatetxean zegoela.

«Ez da huskeria»

Peyuco Duhart Donibane Lohizuneko auzapezak «larritzat» jo zuen erasoa: «Ez da huskeria izan. Larria da». UMPeko hautetsiak gaineratu zuen horrelako ekintzek ez dutela «erasotzaileek dituzten helburuak aitzinarazteko balio».

Baionako Poliziak eta Pariseko Polizia «antiterroristak» hartu dute beren gain ikerketa, AFP agentziak zabaldu zuenez. Polizi-iturrien arabera, atzoko lehergailua eta 2008ko abuztuan Arrangoitzeko turismo bulegoan eta Pierre et Vacances oporretako egoitzan jarritakoen artean antzekotasunak daude. Eraso haiek Irrintzik hartu zituen bere gain.

Azken hilabeteetan Angeluko Xiberta eta Basusarriko Makila golf-zelaiek erasoak izan dituzte baina ez da lehergailurik erabili. Zelaiak hondatu zituzten orduan zulo ugari eginda.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo