GARA > Idatzia > Kirolak > Tau

Pau Ribasen aurkezpena

«Baskonia zen aukera onena luzera begira»

Saski Baskoniak eta Taulell S.A.k zuten lotura komertziala etetea erabaki dute, 23 urte eta gero.

p029_f02_097x092.jpg

Arnaitz GORRITI | BILBO

Atzo aurkeztu zuten ofizialki Saski Baskoniako jokalari gisa Pau Ribas, DKV Joventut taldeko kapitain ohia. Real Madril ere bere atzetik ei zebilen, baina jokalariak esandakoaren arabera, «epe luzera begira», talde gasteiztarra iruditu zaio «aukerarik onena».

«Itxaronaldia oso luze egin zait, baina orain pozarren nago, eta lau urteotan daukadan guztia emateko prest», adierazi zuen 22 urteko antolatzaileak.

Gasteiza etortzea Ivanovicekin hitz eginda erabaki zuen. «Nitaz zer espero duen azaldu zidan eta konfiantza eman zidan gainera», gaineratu zuen.

Walter Herrmanni dagokionez, sinatutako bi urteak jokatuko dituela ziurtatu zuten Baskoniako agintariek, baita Unicajari ez zaiola ezer ordainduko ere.

Kontratua eten

Bestalde, arratsalde erdian jakitera eman zen Saski Baskoniak eta Taulell S.Ak 1987az geroztik duten lotura komertziala etetea erabaki zutela. Taulellen egoera ekonomikoa korapilatsua izan da erabaki hau hartzeko arrazoi nagusia. Azkenik, Saski Baskoniak azken 23 urteotan erakutsitako leialtasuna eskertu zion Taulell enpresari.

Hala eta guztiz ere, Baskoniaren webguneak plazaratutako oharrak, gasteiztarrek ordezko beste babesle indartsu bat dutela dio eta zeinahi euskarri publizitariotan elkarrekin kolaboratzeko konpromisoa ere mantentzen dutela nabarmentzen du.

Bilbao Basketen Pedja Savovic jokalari ohia taldeko marketin sailean lanean hasiko dela esan zuten atzo. Finantzetan eta nazioarteko negozioetan lizentziatu zen Savovic Hawaiko Unibertsitatean.

Azkenik, Gipuzkoa Basketek Unicajatik bi jokalari utzita jasoko omen ditu, Malagako hedabideen arabera: Rai Lopez antolatzailea eta Prestes pibot brasildarra, hain zuzen. Lasoren taldearen buruhauste handiena Doblasen kontratua luzatzea izango da orain.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo