Euskal Herria jaietan
Musika, dantza eta jan-edana, izango dute zer gozatu Soraluzen
Atzotik Santa Ana jaiak bete-betean ospatzen ari dira Soraluzen. Gaurkoan, Santiago egunez, haur, gazte zein helduen neurrira prestatutako egitaraua dute. Jarduera gastronomikoek leku berezia hartuko dute asteburuko ekintzen artean. Esaterako, goizeko hamaiketan hasita, salda eta txorizoa banatuko dituzte Plaza Zaharrean eta eguerdian paella erraldoia egingo dute. Bestalde, pailazoak, karta-joko txapelketak eta musika zein dantza emanaldiak ere izango dituzte.
GARA |
Atzo hasi zituzten Soraluzen Santa Ana jaiak. Festen hasiera iragartzen zuen txupinazoa iluntzeko zortzietan bota bazuten ere, eguerdi partetik hasiak ziren bizilagunak herriko kaleak alaitzen. Gaurkoan, Santiago egunez, egitarau bete-betea izango dute soraluzetarrek. Goizean goiz hasita, Lizarrako gaita-jotzaileak kalejiran ibiliko dira herriko kaleetan zehar, giroa alaituz. Hamaikak inguruan, sabelak zertxobait alaitzeko, Allegro elkartearen eskutik salda eta txorizoa banatuko dituzte Zubi Nagusian. Ordu berean, Plaza Zaharrean haurrentzako gunea prest izango da, etxeko txikien gozagarri.
Eguerdi partean, berriz, Osintxuko dantza taldeak erakustaldia egingo du Zubi Nagusian. Ordubata inguruan, bestalde, Plaza Berrian paella erraldoia egiten hasiko dira. Ondoren, Kalebarrenen egingo dute herri bazkaria.
Jokoak eta kirola
Arratsaldean, bestalde, izango dute ekitaldirik jaiez gozatzeko. Hasteko, bostak inguruan, karta jokoetarako afizioa duten guztientzat Mus eta Tute Txapelketa egingo dute Plaza Zaharrean. Ordu eta leku berean, umeentzat Potxin eta Patxin pailazoen emanaldia izango da.
Kirolarentzat tarterik ere izango da gaur arratsaldez Soraluzeko jaietan. Amateur eta promesa mailako pilota partidak jokatuko dituzte Arane kiroldegian, 17.30 inguruan. Arratsaldeko zazpietan, bestalde, Futbolin Txapelketa egingo da Plaza Berrian. Bertan, DBHko ikasleek parte hartu ahal izango dute.
Iluntze-gau partean musika eta dantza izango dira Soraluzeko jaietako protagonistak. Zortziak inguruan, esaterako, Mariatxien emanaldia izango da Plaza Zaharrean, mexikar musika gustuko duten guztientzat. Gaueko hamaiketan, danborrada egingo da herriko kaleetan zehar. Geroago berriz, Turboshit eta Manba Beat taldeek kontzertua emango dute Zubi Nagusian. Horren atzetik, eta jaiari segida emanez, dantzaldia izango dute Plaza Zaharrean, Azteca orkestrak giroturik. Goizaldeko lauretan, berriz, zaku-lasterketa egingo dute Zubi Nagusian.
Bihar jarraituko du festak
Egunari hasiera edo gauari amaiera ona emateko, igande goizeko zazpiak inguruan txokolate-jana egingo dute Udaletxeko arkupeetan. Horrekin indarrak berritzeko aukera eman ondoren, bigantxak askatuko dituzte, inguratzen direnen gozamenerako. Giroa musikaz alaitzeko, gaita-jotzaileak ibiliko dira berriz ere.
Gero, hamaikak inguruan, salda eta txorizoa emango dituzte Plaza Zaharrean, Arrano Elkartearen eskutik. 12.00 inguruan, jarduera gastronomikoekin jarraituz, bakailao lehiaketa egingo dute. Eguerdian bertan, 14 urtetik gorakoen Dantza-solte Txapelketa ere izango da.
Arratsalde partean ere izango dute zer jan eta edan Soraluzen. Bigantxen ondoren, txistorra eta sagardoa emango dituzte. Egunari amaiera emateko, berriz, Imuntzo eta Belokiren emanaldia izango da.
Gaur eguerdian, Osintxu musika taldekoek erakustaldia emango dute Zubi Nagusian. Geroxeago berriz, paella egingo dute ondoren herri- bazkarian dastatzeko.
Goizeko zazpietatik hasitan, txokolate-jana egingo dute Udaletxeko arkupeetan. Geroxeago, berriz, bigantxak askatuko dituzte. Igandean ere izango da zer gozatua Soraluzen.