Enpresari lohizundar bati lan-jazarpena egitea leporatu dio CGTk
A.M. |
`Luz Tourtière' Donibane Lohizuneko Jaldai industriagunean kokaturiko okindegiaren aitzinean protesta elkarretaratzea egin zuen, atzo goizean, CGT sindikatuak.
Goizean bertaratzen ziren bezeroei informazio esku-orriak banatzen zizkieten, enpresaburuak langileekiko duen jarrera salatzeko. Azken garaiotan sei bat langilek lanpostua uztea beste irtenbiderik ez dutela izan adierazi du sindikatuak. Bertako lan-baldintzak «jasangaitzak» direla gaineratu dute, ugazabaren jokamolde, langileei hitz egiteko era eta etengabeko presioak direla-eta, inondik inora ez direlako betetzen edozeini zor zaizkion errespetua eta begirunea. Horrenbestez, jokaera «onartezintzat» jo dute.
Ugazabak ukatu egin ditu leporatzen dizkioten akusazio horiek.