Hurbileko merkataritza indartu nahi du Angeluk, herria bizirik mantentzeko
Lekuko merkataritza indartzeko Angeluko Udalbatzak abiatutako «Elkarrekin bizi» programaren berri eman zuen atzo Espilondo auzapezak, eta berrikitan onartu den igandeko lanaldiaren legea salatu zuen.
Ainize BUTRON |
Merkataritzan igandean irekitzeko eskubidea ematen duen legea Asanblea Nazionalean bozkatu berri delarik, Jean Espilondo Angeluko auzapez sozialistak herriko ardura hartu zuenetik abiatu duten «Elkarrekin bizi» izeneko programaren berri eman zuen atzo. Daramaten ekimen horren aurkezpena aitzakiatzat hartu zuen Espilondok, Annie Jarraud Vergnolle senatari sozialistarekin batera, igandeko lanaldiari buruzko legea salatzeko.
Igandeak «norberarentzako, familiarentzako eta lagunarteko bizitzarako egun berezia» izaten segitu behar zuela adierazi zuten Alderdi Sozialistako kideek, lege hori saltoki txikien biziraupenerako «benetako mehatxu» bat bilakatzeko arriskua nabarmenduz.
«Gai horri buruz argitaratuak izan diren ikerketa-txostenek argi adierazten dute saltoki txikiek irekitze egun berri horretara egokitzeko arazoak izango dituztela. Legeak, beraz, saltoki gune handiak lagunduko ditu langile kopuru handiagoa daukatelako, eta, ez du inolaz ere, iragarri bezala, kontsumoa handituko», gaineratu zuten.
Horrenbestez, lege horrek eraiki nahi den «bizi eta gizarte eredu» mota finkatzen duela adierazi zuten bi hautetsiek. «Kontsumo logikari lehentasuna eman nahi dion gizarte baten aurka gaude, horrek zailtzen baititu herritarren arteko loturak eta familia bizimodua», azpimarratu zuen.
Legea bozkatuta dagoela-eta, onartzea besterik ez zutela egiten ahal nabarmendu zuten. Halere, legeak aurreikusten duen kontsumo-logika horren aitzinean, Angeluko Herriko Etxeak herritarren arteko bizikidetza indartzea erabaki du. «Angelun hurbileko merkataritzak zerbitzu sendoa dauka, baina, esparru guztietan bezala, egungo egoera ekonomikoa pairatzen du», argitu zuen.
Parlamentuan 2007an bozkatutako dekretu batek, salgai dauden merkataritza fondoak erosteko eskubidea herriko etxeei ematen die lehentasunez.
«Dekretuak hurbileko saltokiak mantendu, herriko plazen animazioak babestu eta saltokietan banku edo bulegoen finkapena mugatzeko aukera ematen du», argitu zuen Espilondok.
Angelun dekretu hori indarrean jartzea erabaki zutela gaineratu zuen. Jendarte loturarako herriko plazen indartzea ezinbestekotzat jotzen du Angeluko auzapezak. «Egoitzak aurkitzeko zailtasunak dituzten hurbileko saltokiak finkatzen lagunduko genuke. Horrela, enpresa txikien sorrera sostengatzea erabaki dugu», gaineratu zuen.
Ekimenaren berri ematen bukatu aurretik, angeluarrei «beren asteko jai-eguna askatasun osoz bermatzeko» eskubidea eman behar zitzaiela esan zuen.
Parisen aurka
Igandeko lanari buruzko legea frantses Parlamentuan bozkatu bezain laster, Bertrand Delanoe Pariseko auzapez sozialista aurka agertu zen.
Ostegunean jakinarazi zuenaren arabera, Kontseilu Konstituzionalera joko du legearen aurka helegitea jartzeko.
Baionako udalbatzan igandeko lanaldia hizpide zutela, Grenet auzapez eta diputatuari legearen eztabaidan parte hartu ez eta bozkatu izana leporatu zion oposizioak. Bilera iskanbilan bukatu zen.
LangileakLegeak dioenez igandean lan egiteari uko egiteko eskubidea izango luke langileak, baina «borondatearen printzipioa» ezin da ziurtatu eta langileek lan egiteko «presioak» jasango dituztela salatu zuten bi hautetsiek.