Hondakinen gaikako bilketa lehenesteko eskatzen du ADECHk
ADECH elkartean bilduak diren Ipar Baionako herritarrak eta Bil Ta Garbiko arduradunak elkartu ziren berriki, hondakinen tratamendu mekaniko-biologikorako Batz gunean ezartzekotan diren lantegiari buruz eztabaidatzeko. ADECHk proiektua baztertzeko eskatzen du.Ainize BUTRON |
Baionako Batz-Arkondo izeneko eremuan 2013an eraikitzekotan diren hondakinen tratamendu mekaniko-biologikorako (TMB) lantegiaren aurka agertu ziren, berriz ere, Ipar Baionako herritarrak, ADECH elkartean bilduak. Thierry Lasheras elkarteko lehendakariak adierazi zuenez, ingurumenaren eta ekologiaren ikuspuntutik, lantegia sortzea «zorakeria» da. «Lantegi horiek duela hogei bat urte sortu ziren, eta Europako herri askok esperientzia bertan behera uztea erabaki dute, kalte sobera eragiten baitituzte», azaldu zuen. Egun halako zortzi lantegi finkatuak dira Estatu frantsesean, eta guztiek arazoak sortzen dituztela argudiatu zuen. «Metanizazioa ez da inon erabiltzen, eta herritarrek usain, kutsadura edo bestelako kalteak aipatzen dituzte; horien artean arratoien hedapena», gehitu zuen.
ADECHren iritziz, zaborren tratamendurako dagoen irtenbide bakarra gaikako bilketa indartzea da, eta herritarrak arazoaren aitzinean «kontzientzia» hartzea. Elkarteko lehendakariak Usurbilen eraman den esperientzia eredutzat hartu zuen, «bide horri» jarraitu behar zaiola esanez. Joan den uztailaren 15ean egitasmoa daraman Bil Ta Garbi egiturako arduradunekin bildu ziren, beraz, argudioak azaltzeko.
Puntako lantegia
«Entzun gaituzte, baina, ez ordea aditu. 2004an Bil Ta Garbik zaborrak tratatzeko irtenbideak bilatzeko ikerketak abiatu zituelarik, larrialdi egoera bat zegoen, eta, lantegi hori kalte gutxienekotzat ikusten ahal zen. Geroztik egoera asko aldatu da», esan zuen Lasheras-ek. Dominique Carrere Bil Ta Garbiko arduradunak ADECH elkartearen ildotik jo zuen, gaikako bilketa «indartzen» jarraituko dutela nabarmenduz.
«Lantegia ez da gaikako bilketa ordezkatzeko, baina; bereizi ezineko zaborrak tratatzeko baizik», argitu zuen. Lantegia eraikitzeko, erakunde publikoek 55 milioi euroko aurrekontua aurreikusten dute. «Baliabide guztiak jarriko ditugu lantegi hori punta-puntakoa izateko, eta zaborren tratamenduaren arloan eredu emateko. Europan oraindik halako lantegi asko eraikitzen ari dira», esan zuen. Halere, ADECHeko kideen kezkak ulertzen zituela nabarmendu zuen Carrerek. «Guri dagokigu beraien kezkak apaltzeko ahalik eta bermerik gehiena ematea», gehitu zuen. Usurbileko ereduari dagokionez, beraiekin harreman zuzena zutela aipatu zuen. «Usurbiletik etorri zitzaizkigun, egitasmoa abiatu zutenean. Asko hitz egin genuen. Eraman duten lanaren emaitza hurbiletik jarraituko dugu», esan zuen Carrerek bukatzeko. Europan dauden TMB lantegien bilakaera aztertzen jarraitzen du Bil Ta Garbik.
Zaborren gaiari buruz, herritarren eta Bil Ta Garbiren artean «benetako hausnarketa» bat egiteko eskatzen du ADECH elkarteak: «Denbora dago oraindik herritarrekin eztabaida izateko».