Europa hegoaldean egunotan izandako suteetan milaka hektarea kiskali dira
GARA |
Suak milaka hektarea erre ditu aste honetan Europa hegoaldean piztu diren suteetan, eta pertsona ugari zauritu ditu, zazpi hildako ere eraginez. Suterik larrienak Estatu espainolean, Korsikan eta Sardinian izan dira. Estatu espainolean, hainbat eskualdetan izan dira suteak, besteak beste Almerian, Aragoin, Katalunian eta Gaztelan. Guztira 17.000 hektarea erre, eta bost suhiltzaile hil dira. Aragoi izan da lekurik kaltetuena, 10.600 hektarea kiskali baitira guztira, batez ere Teruelen. Bestalde, Almerian ostegunean izandako sutean, ingurutik atera behar izan zituzten 1.500 pertsona. Horta de Sant Joanen, Katalunian, 1.200 hektarea erre dira eta Gaztelan 7.000 hektarea. Haizeak eta tenperatura altuak suhiltzaileen lana zaildu dute.
Sardinian bi gizon hil dira ostegunean gertatutako sei sutetan. Era berean, 120 lagun helikopteroz erreskatatu behar izan zituzten, itsasotik. Ostiralean, suhiltzaileak lanean jarraitzen zuten sutea heda ez zedin.
Korsikan, berriz, hiru sutek 4.000 hektarea kiskali zituzten ostegunean. Grezian, Turkian eta Aljerian ere piztu dira suteak, baina apalagoak izan dira eta zauritu larririk ez dute eragin.