GARA > Idatzia > > Kultura

Film euskaldun, katalan eta madrildarrak izango dira Zinemaldian

Irailaren 18 eta 26 bitartean izango den Donostiako 57. Zinemaldiko Sail Ofizialean lehiatuko diren titulu batzuk jakitera eman zituzten atzo. Zabaltegin Elortegi bizkaitarraren «Zorion perfektua» ikusi ahal izango da.

GARA | DONOSTIA

Atzerritarrak ez ezik, gertuagotik etorritako lanez ere hornituko da aurtengo Donostiako Zinemaldia. Sail Ofizialean Katalunian eta Madrilen ekoiztutako hiru film izango dira («Los condenados», «La mujer sin piano» eta «Yo, también»). Bestalde, Zabaltegi-Zuzendari Berriak sailean Jabi Elortegi zuzendari bizkaitarrak bere lehen film luzearekin parte hartuko du. Harekin batera, «Màscares» lan katalana eta Madrilen egin den «Ori» lana egongo dira.

Beste alde batetik, Oscar sari baten irabazlean den Fernando Trueba zuzendariak «El baile de la Victoria» filma aurkeztuko du Sail Ofizialean, lehiaketatik kanpo. Txilera kokatzen da lana, demokrazia iristen den unean.

Lehian arituko direnen artean, «Los condenados» lana dago, Isaki Lacuesta zuzendari kataluniarraren bigarren film luzea. Bertan, gerrillari izandako bi lagunek elkarrekin egingo dute topo 30 urteren buruan. Horrez gain, Javier Rebollo madrildarra bigarren aldiz lehiatuko da Zinemaldian. Carmen Machi protagonista duen «La mujer sin piano» lanarekin izango da. Mende amaierako etxekoandre madrildar baten 24 orduko erretratua eskaintzen du zuzendariak lan honetan. Azkenik, Alvaro Pastor eta Antonio Naharro zinegileek «Yo, también» lana aurkeztuko dute. Horren bidez, Down sindromedun lagun batek bizitzan eta maitasun kontuetan dituen oztopo eta arazoen berri ematen dute.

Zabaltegi

Zabaltegi-Zuzendari Berriak atalari dagokionez, aipatzekoa da Elortegiren «Zorion Perfektua». Zuzendari bizkaitar honek Anjel Lertxundiren eleberri homonimoa moldatu du. Filma ia oso-osorik euskaraz egin dute eta Anne Igartiburu du protagonista. Horrekin batera, «Màscares» lan katalana lehiatuko da. Elisabet Cabeza eta Esteve Riambau zuzendariak Donostian dauden bigarren aldia da aurtengoa, 2005ean «La doble vida del faquir» lehen film luzea aurkeztu ondoren. Lan honetan, Jose Maria Pouk Orson Welles interpretatzen duen obra bat prestatzeko prozesua ikusten da. Azkenik, Angel Jimenez Colmenar zuzendari madrildarrak Georgiarekin egindako koprodukzio batekin iritsiko da: «Ori». Gerra Hotzean kokatzen da isiltasunez eta zigarroz jantzitako kontakizun gazi-gozo hau.

Zabaltegi-Zuzendari Berriak ataleko aipatutako hiru filmak («Màscares», «Ori» eta «Zorion Perfektua») eta Sail Ofizialeko lanetako bi («La mujer sin piano» eta «Yo, también») Kutxa-Zuzendari Berriak saria lortzeko lehiatuko dira (90.000 euro).

Bestalde, «El secreto de sus ojos» Argentinaren eta Estatu espainolaren arteko koprodukzioak ere parte hartuko du Urrezko Maskorraren lehian. Juan Jose Campanella zuzendariaren azken lana da, eta Ricardo Darin eta Soledad Villamil ditu protagonista. Campanella Oscar sarietarako hautagai izan zen 2001ean, «El hijo de la novia» filmarekin, ingelesezkoak ez diren film onenen atalean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo