Zortzi euskal film labur izango dira aurtengo Kimuak katalogoan
GARA | GASTEIZ
Kimuak programaren 12. ediziora aurkeztu diren 63 lanen artean zortzi irabazle aukeratu ditu epaimahaiak. Antolatzaileek nabarmendu dutenaren arabera, aurten gora egin du jasotako film laburren kopuruak, iazko errekorra (52) gaindituz. Aukeratuak izan diren lanen artean bi genero daude, komedia eta dokumentala. Drama eta animaziozko lanak, hortaz, katalogotik kanpo geratu dira aurten. Bestalde, nabarmentzekoa da zortzi lanetatik bi film labur euskaraz eginda daudela eta beste bat ingelesez.
Urtero lez, zuzendari berriak izango dira, aurreko edizioetan parte hartu dutenekin batera. Horrela, Koldo Amandoz, Telmo Esnal, David Gonzalez eta Nacho Vigalondo zuzendarien lan berriak ikusteko aukera egongo da. Baina horrez gain, orain arte ezagunak ez ziren Alejandra Marquez, Oriana Alcaine, Anartz Zuazua, Iban del Campo eta Jorge Riveroren lanak ere izango dira. Irailean ospatuko den Zinemaldian aurkeztuko dira aurtengo labur sarituak.