GARA > Idatzia > > Euskal Herria

ANVren taldeak desegiteak eraginik ez duela izango esan dute abertzaleek

Auzitegi Goren espainolak ostegunean EAE-ANVren udal taldeak «desegiteko» agindu ostean, atzo Elorriko alkate independentista Niko Morenok oroitorazi zuen neurri horrek ez duela «benetako eraginik» izango, ekintzaileen udal talde gehienak deseginda daudelako.

GARA |

EAE-ANVren udal taldeen desegiteak «benetako eraginik» izango ez duela gogorarazi zuen atzo Elorrioko alkate independentista Niko Morenok. Haren esaten, herenegun Auzitegi Goren espainolak emandako aginduak ez du eraginik izango alderdi ekintzailearen hautetsien eguneroko lanean, EAEren udal talde «gehienak» jada deseginda baitaude. Zinegotzi independentistek hainbat denbora daramate udal talde diren heinean dagokien dirulaguntzarik jaso gabe.

Dena dela, Morenok salatu zuen ekintzaileen aurkako neurri hau «ilegalizazioaren beste aurrerapauso bat» dela. «Betikoa da, ANVren ilegalizazio prozesuan beste aurrerapauso bat, eta era horretan Estatuak prozesua amaitutzat ematen du», deitoratu zuen.

Elorrioko alkatearen aburuz, Auzitegi Goren espainolaren erabaki honen helburua 2008ko otsailean Baltasar Garzon epaileak EAE-ANVren ilegalizazioa eraginez eta alderdi honen udal taldeen funtzionamendu normala eragotziz eman zuen autoa «ofiziala egitea» da. «Orain ofiziala da jadanik, Auzitegi Gorenak doktrina egin du», ondorioztatu zuen alkate independentistak.

Herenegun Auzitegi Goren espainolak aditzera eman zuen erabakiak talde politiko anitzen erreakzioa eragin zuen atzo. Hala, Gasteizko Parlamentuan PSEren bozeramaile Jose Antonio Pastorrek Gorenaren erabakia EAE-ANVren ilegalizazioa txalotzen ez duten alderdiei erasotzeko aprobetxatu zuen. «Uste dut sententzia honek euskal alderdi batzuek ilegalizazioaren gainean dituzten zalantzak alde batera uzten lagundu beharko lukeela. EAE-ANVk zuzentzen dituen udaletan zentsura mozioak aurkezteari uko egiten dioten alderdi horiengan, hain zuzen ere», esan zuen.

Pastorren iritziz, Auzitegi Goren espainolaren erabaki honek eta iragan ekainean Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegiak Batasunaren ilegalizazioaren gainean jakitera eman zuenak, «argi uzten du hemen ez dagoela demokrazia faltaren arazorik eta, hortaz, Zuzenbide Estatua tinko defendatu eta indarkeria `deslegitimatu' egin behar da».

Lakuako Gobernuko presidente Patxi Lopezek onartu egin zuen epaiak berez eragin «gutxi» izango duela, baina «inpunitatearen aurkako borrokan balio sinboliko handia» duela nabarmendu zuen. Jose Luis Rodriguez Zapaterok, bestalde, argi utzi nahi izan zuen bere gobernuak Auzitegi Gorenaren sententzia «bete» egingo duela.

PPko bozeramaile Leopoldo Barreda, berriz, urrutirago joan zen eta adierazi zuen sententzia honen ostean, «beharrezkoa» dela orain independentistek gobernatzen dituzten udalak «desegitea». Hala, neurri hori betetzeko deia egin zion Gobernuari. «Auzitegiek ahal zuten guztia egin dute, eta orain beharrezkoa da Gobernuak eta alderdi politikoek EAE-ANV udaletatik botatzeko neurriak hartzea», ziurtatu zuen.

Aurkako adierazpenak

Atzoko adierazpen guztiak ez ziren sententziaren aldekoak izan, ordea, eta ahots kritikoak ere izan ziren. Hala, EAJ-PNVren aldetik, Aitor Esteban diputatuaren hitzetan, Auzitegi Goren espainola «tematuta dago Zuzenbideko eskuliburuak aldatzen» eta gogorarazi zuen botere judiziala ez daitekeela sartu «parlamentu batek nahi duen bezala antolatzeko duen ahalmenean».

Aralarrek, berriz, sententzia honek Estatuko «demokraziaren heldutasun falta» agerian uzten duela adierazi zuen, eta EAk, bestalde, Auzitegi Gorenaren erabakia «biolentzia justifikatzen dutenei hegoak ematea» dela esan zuen, orain horiek beren ideiak «ezin izango dituztela bide demokratikoetatik defendatu» esango dutelakoan.

Erasoa Aritxulegin

Bestalde, atzo jakinarazi zutenez, EAE-ANVko gudarien omenez Oiartzungo Aritxulegiko parajean dagoen oroitarriak beste eraso bat jaso du. Duela hainbat aste ikurra metrailatua izan bazen, oraingoan bandera espainola eta «Viva España» leloa marraztu dituzte.

pp, harantzago

Auzitegi Goren espainolaren epaia txalotu ostean, PP urrunago joan zen eta independentistek gobernatzen dituzten udalak «desegiteko» eskatu zioten Zapaterori.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo