Sokatira
Goiherrik txapel guztiak jantzita amaitzeko aukera ederra dauka
J.L. | DONOSTIA
Amaitzera doa Euskal Herriko Txapelketa. Gaur Getxon, eta bihar Gaztelun, jokatuko dira azkeneko bi ekinaldiak. Biak 580 kilotan izango dira, eta Goiherri da irabazteko faborito nagusia.
Erandiokoekin batera, Gaztedi, Mutriku, Getxo eta Goiherri B lehiatuko dira. Gaur eta bihar 11.00etan hasiko dira saioak. Orain arte jardunaldi bat jokatu da, eta Goiherrik irabazi du. Gainerako pisuetan erakutsi duen maila ikusita, ez dirudi lan samurra izango denik inorentzat hauek menderatzea. Jadanik, 680, 640 eta 600 kilotan nagusi izan dira, eta pisu honetan ere faborito nagusi agertzen dira.
Bigarren posturako lehia handiagoa izan daiteke, batez ere pasa den asteburuan Mutrikuk 600 kilotan egin zuen lana kontuan hartuta. 600eko azkeneko jardunaldian, bigarren amaitu zuen Mutrikuk, eta horrek indarra eman behar dio, izan ere, Gaztediren eta beraien artean egon baitaiteke bigarren postu hori, lehenengoa Goiherriri eskuetatik kentzeak ezinezkoa ematen baitu.
Azkeneko bi postuak, berriz, Getxoren eta Goiherriren bigarren taldearen artean egongo direla ematen du.