Heineken Kopa
Gloucester agertzen da Biarritzen etsairik gogorren
Glasgow eta Newport Gwant ere euskaldunen multzo berean izango dira. Lapurtarrak urriaren 10ean hasiko dira jardunean, eta Eskozian jokatuko dute.
Jon LEUNDA | DONOSTIA
Biarritzek badaki jada zeintzuk diren Heineken Kopan aurrez aurre izango dituen taldeak. Bigarren multzoan arituko da talde zuri-gorria. Lapurtarren multzoan, Glasgow (Eskozia), Gloucester (Ingalaterra) eta Newport Gwant (Gales) izango dira
Txapelketa urriaren 10ean hasiko du Agilerako taldeak, eta lehen neurketa Eskozian jokatuko du Glasgow taldearen zelaian. Etxeko lehen partida astebete geroago izango da, eta euskaldunek Gloucester hartuko dute. Hasierako talde beraren aurka amaituko du lehen fasea Biarritzek, izan ere Eskoziako hiriburuko taldearen aurka arituko da, hori bai, etxean izango du amaierakoa, urtarrilaren bukaeran. Zuri-gorrien helburua final-laurdenetara heltzea izango da. Azkeneko bi denboraldietan kale egin dute, eta ez dute lortu lehen fasea gainditzea, baina aurtengoan helburu nagusietako bat hori izango dute.
Horretarako, lehen postuan amaitzea komeni da. Izan ere, sei multzo dira, eta sailkapena lehenengo geratzen diren seiek lortuko dute, baita bigarren geratzen direnen artean bi onenek ere. Beraz, bigarren geratuta, gauzak asko zailduko dira. Lehen fasea ligaxka moduan jokatuko da, eta final-laurdenetatik aurrera partida bakar batera izango dira kanporaketak. Lehen fasean, lehen postuan geratzen diren lau onenek izango dute kanporaketa hori etxean jokatzeko parada. Hasiera batean, Gloucesterrek ematen du biarriztarren etsairik gogorrena, baina gainerako biekin ere kontuz ibili beharko dute.