GARA > Idatzia > Kirolak > Herri-kirolak

Harri-jasotzea

Izeta II.a izango da Laukarizko harri baldarrarekin jokatuko den lehiaketa irabazteko faborito nagusia

J.L. | DONOSTIA

Harri-jasotzen, Laukariz harriaren txapelketa jokatuko da gaur Laukarizen bertan. 134 kiloko harri baldarra erabili beharko dute kirolariek, eta lanean aritzeko bost minututako txanda bakar bat izango dute. Saioa 13.00etan hasiko da.

Izeta II.a, Izeta III.a, Urpe, Eizmendi, Elosukorta, Urrutia, Bertiz, Telleria eta Igoa lehiatuko dira. Dudarik gabe, Izeta II.a izango da txapela janzteko faborito nagusia. Aiarra iaz ere izan zen nagusi, eta aurtengo norgehiagokarako ere faborito nagusia bera izango da. Harri baldarrekin, gainera, oso ongi moldatzen den kirolaria da, eta berari ezer gertatzen ez zaiola, zaila izango dute gainerakoek Izeta gainditzea.

Aizkora

Aizkora zaleek ere izango dute asteburu honetan non aukeratu. Gaur bertan, Gasteizen, 12.30etik aurrera Urrezko Aizkorako Txapeldunen Ligako saioa izango da. Arrospide, Arria V.a eta Lopez arituko dira, nor baino nor.

Bihar, berriz, bi txapelketa ikusi ahal izango dira, eta biak, gainera, finalak. Mendaron, 18.00etatik aurrera Gipuzkoako Bigarren Mailako finala jokatuko da.

Otaegi, Ugarteburu, Mugertza I.a, Mugertza II.a, Dorronsoro eta Zubizarreta lehiatuko dira. Aizkolari bakoitzak lau kana-erdiko eta bi 60 ontzako erdibitu beharko ditu. Otaegi izango da faborito nagusia, baina kontuz ibili beharko du bi beteranoekin. Bai Mugertza I.a eta bai Ugarteburu ere, prest agertuko baitira zizurkildarra estutzeko, eta honek lan asko egin beharko du horiek menderatzeko. Irabazleak aurten Lehen Mailan parte hartu ahal izango du. Saio berean, Gipuzkoako lokotx-biltzeko finala ere jokatuko da.

Elizondon, bihar, 18.30ean hasita, Nafarroako Hirugarren Mailako finala jokatuko da. Ruben Saralegi, Pellejero, Castro, Kañamares III.a eta Beltza lehiatuko dira. Bakoitzak bi kana-erdiko eta bi 45 ontzako erdibitu beharko ditu. Donostirin (Nafarroa Beherea), bihar emakumezkoen torneoa jokatuko da, hainbat kiroletan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo