GARA > Idatzia > > Kultura

«Jazzaren historia bera» den Roy Haynesek jaso du Jazzaldia Saria

Jazzaren historia bera dela ohartarazi zuen Miguel Martin Jazzaldiko zuzendariak Roy Haynes bateria-jotzaileari Jazzaldia Saria ematerako orduan. Laurogei urteen muga pasata badu ere, ez da agertokietatik aldendu, eta jendaurrean zuzenekoak eskaintzen jarraitzen du. Bizitzak sekretu berezirik ez omen du; hoberena, ahalik eta gehien gozatzea.

p046_f01_153x128.jpg

A. KAMIO - A. BILBAO | DONOSTIA

Jazzaldiak, lanen erdia beteta, oraindik ahoa bete hortz ditu bere zaletuak. Jazzaren dosiak ondo neurtuta, klasikoaren aztarnak biltzen dituena jariatu zuen bart jaialdiko sari nagusia banatzearekin batera. Jazzaldia Saria Roy Haynesen (1926, Roxbury, Massachusetts) eskuetan geratu zen, jazzaren historiaren zati handi baten jabe den bateria-jotzailearengan, hain zuzen. Laurogei urteak pasata, egungo jazzaren sinbolotzat jotzen da. «Kontuan hartuta zenbat artistekin jo duen, jazzaren historia bera dela esan daiteke», agertu zuen Miguel Martin Jazzaldiko zuzendariak. Eta ez hori bakarrik, agertokia musikari askorekin partekatzeaz gain, egungo jazz taldeen «nahitaezko inspirazio iturri» ere badela erantsi zuen.

Hasiera batean gutxietsitako bateria-jotzailea izan bazen ere, 1990eko hamarkadatik aurrera merezitako nazioarteko onarpena jaso izan du. Ezinezkoa litzateke haren musika biziarazi duen artista kopurua zenbatzea. Bere ibilbidea The Sabby Lewis Big Band, Frankie Newton, Luis Russell eta Lester Young-ekin hasi zuen 1940ko hamarkadaren erdialdean. Kay Windingekin hainbat zuzenekotan parte hartu ostean, Charlie Parker Quintet-eko kide izatera pasa zen 1949an. Garai hartan, Bud Powell, Wardell Gray eta Stan Getzekin ere grabaketak egin zituen.

Haynesen ibilbidean, baina, batzuek besteek baino eragin gehiago izan dute, nahiz eta «konparaketarik egitea» atsegin ez duela aitortu zuen atzo prentsaren aurrean. Garrantzi berezia hartu zuen musikari haietako bat Sarah Vaughan izan zen, 1953tik 1958ra bitarte AEBetatik kanpo jazza zabaltzen lagundu ziona, «dama bikaina, eragile positiboa».

Vaughanekin batera izendatu zituen John Coltrane -berak zuzentzen zuen laukotean parte hartu zuen 1961-1965 artean Elvin Jonesen lekua betetzen-, Chick Corea, Charlie Parker, Pat Metheny eta Michel Pertucciani. Haietako batzuekin izan zen azkenekoz Donostiako Jazzaldian, 1983. urtean.

Itxuraz txikia eta ahula dirudien arren, Trinitate plazara jazzaren esentziarik kementsuena eramateko zantzuak agertu zituen. Laurogeita hiru urterekin munduan barna bateriari astinduak ematen jarraitzeko sekreturik ba ote duen galdetu zion kazetari inbidiatsu batek. Erantzuna, erraza: «Ez dut sekretu berezirik, bizitzaz gozatzea, eta gehiegikeriatan ez aritzea». Ibilbide luzean hamaika momentu berezi bizitakoa izan bada ere, Jazzaldiak eskaini saria bereziki eskertu zuen. Donostiatik gehien atsegin duena zehaztu ezinean, gaua amaitu arte itxaroteko gonbita luzatu zuen. «Agian ikusleen erreakzioa izango da gehien gustatu zaidana, edo baliteke inspirazioan lagun izango dudan emakume eder bat ezagutzea». Gaurko biharamuna izango da bart gaueko gertaeren lehenengo lekuko.

Kontrabaxurik lirainena

Trinitate plaza jazzera bueltatu da. Esperanza Spalding (musikaz gain, estetikoki ere zoragarria) eta Randy Westonekin bertaratu zen herenegun jaia Donostiako Alde Zaharreko txoko ezkutura. Eta Jazzaldia dantzatoki bihurtu zen, arras proposamen ezberdinen bitartez gorputza mugitzeko eskaintza izan baikenuen: Buena Vista Social Clubeko karibetarrek «salsatokia» sortu gura izan zuten Victoria Eugenian, Randy Westonen boskoteak afrikar erritmoak ditu zainetan eta Animal Collectivek, hirukotean, «after» ezin zaratatsuago bat bihurtu zuen Kursaaleko aretotzarra.

Behin isiltasuna hautsita, ostegunak bete-betean jarri gintuen Jazzaldian, hondartza, terrazak eta, batez ere, Trinitate plazako oholtzak txistuka hasi baitziren. Eta goizaldea heltzerako zeharo freskatu bazuen ere, bero ekin zion arratsak Victoria Eugenia Antzokian, Buena Vista Social Club kubatarrekin.

Hamahiru zoritxarreko zenbakia omen -Jesukristo eta hamabi apostoluek egindako azken afarian-edo duela jatorria-. Sineskeriei aurre egiten baina, hamahiru musikari bikainek (gazte eta zahar) osatu zuen kubatarren banda, Idania Valdes emakume bakarra tartean. Aurten gainera, hamar urte bete dira Ry Cooder gitarra jotzaileak dagoeneko milioika ale salduak dituen lana prestatu zuenetik -musika kubatarreko diskorik salduena da-, tartean zenduak diren Compay Segundo eta Ibrahim Ferrer handiekin. Agian ospe horrek erakarrita, Victoria Eugeniako zuzeneko hori izan da aurtengo Jazzaldian sarrerak agortzen lehen emanaldia, eta bakarrenetarikoa.

Aipatu maisuak gogoan hartu zituen taldeak, eta donostiarrak dantzan jartzen ahalegindu zen (bertako emakumeak sutsu goraipatuz), bukaera benetan bikainarekin: «Chan-Chan», «El cuarto de Tula», «Dos Gardenias»... Kubatarrekin jarraituta, Van Van taldeko gidari Juan Formellek «el instrumento más macho» esaten zuen, kontrabaxua ahotan hartuta. Herenegun ordea, ez zen inolaz ere horrela izan, nahiz eta zaila den sinesten Esperanza Spalding bezalako neskato lirain batek nola astin zezakeen horrela horren tresna handia.

Laukotean, Leo Genovese pianista eta Ricardo Vogt gitarrista finekin eta Otis Brown bateria- jotzaile bikainarekin, giro ederra sortu zuen Spalding atseginak (edo giro atsegina Esperanza ederrak), eta ahots beroa izateaz gain, kontrabaxu trebea dela erakutsi, hogeita lau urte baino ez dituen arren. Bukaeran disko mordoa ere saldu zuen, gainera. Musikari dagokionez, «Jazz ain´t nothing but soul» kantuarekin hasi ostean, iaz plazaratu lan homonimoa, «Esperanza» aurkezteari eman zion -2006an emandako debuta ez zuen ukitu ere egin-, «She got to you» eta «I know u know» bezalako kantuekin. Irribarre egitera gonbidatu gintuen «Smile like that» kantuarekin eta Nina Simone «handia», bere hitzetan, omendu zuen «Wild is the wind» abestiarekin. Konplizitatea erakutsi zuen bateria-jotzailearekin, eta baxu elektrikoan bere groovea agertzeaz gain, doinu brasildarrekin ere ausartu zen.

Plaza bere edertasun gorenean zela, Randy Westonen African Rhythm boskoteak hartu zuen txanda, bakoitza bere kontura hasita (musikarien adinak izugarri egin du gora), bidegurutzean elkar topo egin zuten arte. Weston pianoan, Neil Clarke perkusioan, Alex Blake kontrabaxuan, Benny Powell tronboian eta TK Blue saxofoian. Hori da hori boskotea!

Ikaragarria sekzio erritmikoaren lana, eta Spaldingen edertasunik ez zuen arren, sekulakoa kontrabaxuak eman zuen ikuskizuna, atzamarrez, esku ahurrez, ukabil edo eskumuturrez musika tresna joz, beti ere jesarrita. Hotz egiten du plazan, baina ez dio inporta, bertaratutakoak hipnotizatuta zeuden-eta. Beharbada boskotearen sarreraren ostean, eta bukaera aldera, sei artista marokoar oholtzara igo eta txilaba tradizionalez jantzita eta txintxinak eskuetan, dantza eta kantatuz ikuskizun etnikoa eman zutelako, -dosi txiki eta egokian-.

Kontzertu erabat erritmikoan plaza bereganatu, bildu eta babestu zuen boskotearen lan onak, Afrika beti gogoan: «African sunrise», «Niger Mambo», «African cookbook» eta beste. Westonek, musikariei bidea egin eta soka luzean uzten ditu, guztiek ere distira koloretsua eman dezaten. Bitartean, gustura dago piano jotzailea, irribarretsu. Gauerdian, jarduna bukatzeko, Animal Collective lehen aldiz inguratu zen Euskal Herrira. Prentsa musikalak guztiz goraipatutako laukotea (gehiegi?) momenturik gorenean eta hirukote gisa aurkeztu zitzaigun, Deakin (Josh Dibb) gabe. Pop doinuen esploratzaile harrigarriak diren estatubatuarrek New York hiritik Kursaal aretoko oholtzatzarra jo zuten erasoan, globo zuri argiztatu bat buru gainean zintzilik zutela. Zalantzan jar daiteke animali hauen partaidetza jazz jaialdi batean (Donostiako Jazzaldia bada ere), eta dudarik gabe Kuboa ez da edukiontzi aproposena duten soinu burbuilatsuarentzat. Ausarta eta arriskatua, beraz, proposamena, baita eskertua ere, abangoardistentzat (40/48 eurotan ziren sarrerak).

Zuzenean emanaldi ikaragarri ozena eman zuten, oso jende gutxiren aurrean (620, antolatzaileen arabera). Entzuleria guztiz emana eta kitzikatua zegoen hala ere. Avey Tare (David Portner), Panda Bear (Noah Lennox) eta Geologist (Brian Weitz) musikariek, soinu jostailuak lagun, oso erritmo aldaketa interesgarriak lortu zituzten, ur azpiko ahots melodia harrigarriak eginez. Eta bukaeran estasia, jendea aurre-aurrean oihuka eta dantzan zela, Kursaaleko aretoa «after» erraldoia bihurtuta. FIB edo Primavera Sound bezalako jaialdi erraldoiak hankaz gora jarriko lituzkete, baita Zurriolako goizaldea ere.

Bob Dylanek merkurioa omen zerabilen buruan «Higway 61 Revisited» grabatzerakoan. Eta... zer da hauen gogoan bueltaka dabilena? Hidrogenoa -uretan dago, ugaria eta arina da eta erraz hartzen du sua- akaso.

Egitaraua

KURSAAL

18.30 Hank Jones & Joe Lovano. 25/30 euro.

TRINITATE PLAZA

21.00 Perico Sambeat Flamenco Big Band + Pitingo con Souleria. 35 euro.

VICTORIA EUGENIA

0.00 Abdullah Ibrahim & Ekaya. 25/35 euro.

AGERTOKI BERDEA

21.00 The War On Drugs.

23.00 Blackk Joe Lewis & The Honeybears.

FRIGO GUNEA

18.30 Acido C.

20.00 New Mood Trio.

23.00 Calc.

2.00 Bikini Machine.

HEINEKEN KARPA

18.30 Albert Fibla.

20.00 Miyagui.

23.00 Open Mike.

ALTXERRI

0.00 Stay Blues.

BE BOP

0.00 Watch TVj & The Primetimes.

2.00 Casbah Dj.

UNION ARTESANA

21.00 Mikel Bikandi Quartet. (Afaria, aurrez izena emanda).

www.heinekenjazzaldia.com

RANDY WESTON

Randy Westonen boskoteak Trinitate plaza berriro ere jazzera ekarri eta bertan ginenok Afrikara eraman nahi izan gintuen, lan trinko eta erritmiko bat eskaini eta marokoar dantzariak aurkeztuta.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo