GARA > Idatzia > Kirolak > Arrauna

«Etxean milaka pertsonen aurrean arraun egitea itzela izango da guretzako»

Ane IBARRA eta Saioa FERNANDEZ

BIZKAIKO ARRAUNLARIAK

Bost urte daramatza arraunean Anek, eta badira bi urte Raspasetik Arkotera iritsi zela. Saioak, aldiz, Zierbenan hasi zuen jada hiru urtekoa den bere ibilbidea, eta Arkotera orain urtebete salto egin zuen. Udara sasoian ailegatzeko urrian hasi eta sei egunetan gogor egiten dute lan, mutilek bezalatsu. Aste Santuan oporrik ez, denboraldia otsailean hasi baitzuten batelen txapelketan.

Iratxe DUEÑAS |

Arratsaldero bezala entrenamenduari heldu aurretik, Arkotek bere elkarteko ateak ireki dizkigu. Bizkaiko neskentzat egun berezia da igandekoa.

Hasteko, beste ezeren aurretik, zer moduz Galiziako estropadak?

A.I: Nahiko pozik bigarren estropadarekin; besteek aukera gehiago zituztela pentsatuta.

S.F: Lehen estropadan, lehen luzean, urduri, baina hurrengo egunean hobeto, bigarren izanda. Gainera, beste taldeetan arraunlari gehiago dituzte. Gipuzkoan, adibidez, 59 arraunlari; eta gu, berriz, 17 gara guztira.

Gipuzkoak jende gehiago duela diozue. Haiekin alderatuta, nola ikusten duzue zeuen burua?

S.F: Getari indartsu doa, beste indar batez irteten da. Hondarribia ez da ACTn egon, Orion bai ordea, baina Zumaia baino txarrago ikusten dut. Ligan aukera gehiago dituzte, baina estropada bakoitzean ezberdinak izateak ere bere arriskua du.

A.I: Guk traineru berdina ateratzen dugu Euskadikoan, Kontxakoan eta Espainiakoan. Beraiek, freskoago egoten dira bi egun jarraian arraun egiteko.

Iaz Kontxako estropadetan lehen aldiz aritu zineten emakumeak. Parte hartu al zenuten? Talde osoak joateko aukera izan zuen?

S.F: Bai, talde guztia egon ginen; baina gaur egun hemen arraunean gabiltzanotatik lau pertsona bakarrik geunden iaz.

Egun hartan, zer sentipen izan zenuten?

A.I: Zer-nolako sentsazioak? Itzela, jende piloa eta denak zeuri begira. Gainera, lehenengo estropada zen.

S.F: Ez dago berbarik. Badaude mutilak urteak daramatzatenak arraunean eta ez dira sekula bertan egon. Arkotek egun hartarako dena eman zuen; ondo baino hobeto irten zen.

Egoera bat jarriko dut. Estropada batean zaudete, itsaso zakarra metro eta erdiko olatuekin. Patroiak zein taldeak nola jokatuko luke horren aurrean?

A.I: Urduri. Patroiak animoak ematen ditu. Arraunlariak, ura bakarrik dela eta irabazi behar dugula pentsatuz.

S.F: Patroiak lasaitasuna eman behar du. Egoerari aurre egiteko, pulpo batez lotuta doaz. Kontxan pasa zen iaz horrelako zerbait. Seigarren izan ginen.

Beste egoera bat. Alboko kaleko traineruaren txopa ikusten duzue. Palada batzuk, aurre hartu, eta badoa. Zuen erantzuna?

S.F: Patroia trankil, «pinganillotik» esanez: `ezin dugu kale egin, palada horiek emango digute bandera'.

A.I: Burua erabili. Eta edonondik ez duzun indarra ere atera.

Prestatzaileak proba bat jarri dizue, gogorrena. Kontxako Bandera edo Euskotren Liga, bietako bat hautatu behar.

A.I: Kontxarekin geratzen naiz, estropadarik garrantzitsuena da. Baina liga edukitzea ere itzela da. Neskak gara eta arraunean ez dago non aukeratu askorik.

S.F: Kontxa mitoa da. Liga, berriz, parekotasunerako bidean lortu nahi dugun saria.

Ikurrina eskuetan duzue, irabazi duzuen lehena. Zein litzateke zuen erreakzioa?

S.F: Ziur aski negarra. Eta denon arteko besarkada bat.

A.I: Negarrez hasiko nintzateke. Sinistu ere ez nuke egingo.

Lau selekzio ari zarete ligan jo eta ke. Baina selekzioak edo taldeak dira?

A.I: Taldeak batez ere. Gipuzkoakoaren izenean, adibidez, taldeak dabiltza arraunean.

S.F: Astillerok, adibidez, esan zuen edo elkarte bezala irten edo ez zuela parte hartuko. Mutilen kasuan ez dira selekzioak. Baina lehenengo ekitaldia denez, ez gara kexatuko. Liga egotea bada zerbait.

Katalunia hor dabil alde batetik bestera eta ez dute probarik etxean. Parte hartuko zenukete Bizkaian estropadarik ez balego?

S.F: Katalunian ez da arrauna mota horretan egiten, baina Generalitatek diruz lagundu egiten ditu. Segur aski bai, beste erremediorik ez dago.

Ligako zortzi estropada uztaila eta abuztuan. Hasteko nahikoa dira ala gehiago gura dituzue?

A.I: Ondo dago. Ligaz aparte, inbitazio estropadak ere badaude gainera. Euskadiko Txapelketa, Espainiako Txapelketa eta Kontxako Bandera dauzkagu.

Sei mila euro saritan, lehen sailkatuak bi mila. Zeuen iritzia.

A.I: Tema kritikoa da. TKE Ligan gaude, eta ez dakit esaten ondo edo txarto dagoen, inoiz ez baitugu dirurik irabazi. Tema polemikoa da, batez ere, mutilekin.

S.F: Tema polemikoa. Gure helburua guztien artean banatzea izango litzateke, 6.000 euro izan zein 20.000 izan. Taldearen artean banatzea. Liga, sariak... lehiaketa bat-batean sortu da eta ez digu inork mahai baten jesartzeko esan. Iritsi gara eta parte hartzeko esan digute.

Oraindik emakumeak arraunean ikusita harritzen direnei zer esan?

A.I: Hau ez dela gizonezkoen kirola, mutilen moduan arraun egin eta entrenatzen dugula. Itsasoan, errekan, traineru eta bateletan... Gure taldeko mutilak pozik daude estropadetara beraiekin joaten garelako.

S.F: Hasiera guztiek iraultza bat suposatzen dute. Iritzi ezberdinak daude.

Arraunean duzuen amets bat?

S.F: Kontxa irabaztea. Fama gehien daukana da, handiena, kristoren estropada.

A.I: Nire ustez ere hori izango litzateke sari gorena.

Arraunean hastear dauden neska gaztetxoei zer mezu bidali behar zaie?

S.F: Animatu eta besoak zabalik hartu. Errealitatea gogorra da, baina polita dela ere erakutsi behar zaie. Gure ohitura da, Euskal Herrikoa. Gainera lagun onak egiten direla esango nieke. Sartzen zarenean uztea zaila suertatzen da.

A.I: Raspas herriko kluba zen, baina ezin nuen hasi bakarra nintzelako. Gero jendea ezagutzen duzu eta beti arraunari bueltak ematen zabiltza: noiz entrenatuko dugu, nola...

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo