Une garrantzitsua bizi du kurduen nazioak
Kurdistan bere historiaren une garrantzitsu baten aurrean dago uneotan. Alde batetik, Iraken barruan dagoen eskualde kurduan hauteskunde garrantzitsuak egingo dituzte gaur. Bertako Gobernu kurduaren eta Bagdaden artean dagoen tentsioa ikusita, hauteskunde hauetatik ateratzen den Gobernuak lan handia izango du kurduen interesak babesten. Honen barruan, subiranotasun politikoa eta ekonomikoa bermatzea izango dute erronkarik zailena, irakiar Gobernuak zentralismoa indartu nahi baitu, eta horretarako, eskualde kurduan dauden petrolio ustiapenen etekinak berarentzat gorde nahi baititu. Beste alde batetik, turkiar kartzeletan dagoen Abdulah Ocalan buruzagi kurduak datorren hilean proposamen politikoa publiko egingo duela esan du. Ekimen honek ikusmin handia sortu du, baita Ankarako Gobernuan ere. Onartu ala ez, Ocalan mintzakide beharrezkoa da turkiar agintarientzat, zalantzarik gabe. Inguruabar hori kontuan hartuta, eta herri kurduak izan duen historia latza eta beltza ere kontuan hartuta, badirudi itxaropen izpiak zabaldu direla. Nolanahi ere, itxaropena egia bihur dadin politikari kurduek maila eman beharko dute. Beraien herriak erakutsi du dena emateko prest dagoela. Uneotan beraien agintarien esku dago, hein batean bederen, egoera hau aurrera egiteko baliatzea.