GARA > Idatzia > > Iritzia

EAJk erronda amaitu du, guztiekin hitz egin gabe

EAJk bere egonkortasunerako proposamena aurkezteko alderdi guztiekin bilduko zela esan zuen. Ostiralean PSE, Alkarbide eta Ezker Batuarekin batzartu ostean, atzo PPren, Aralarren eta Eusko Alkartasunaren txanda izan zen. Bere kalkuluen arabera, soilik UPyD falta zaio Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako alderdi politiko guztiekin biltzeko. Hala al da? Argi dago ezetz. Zerrenda horretan dauden alderdi gehienak baino ordezkaritza instituzional zabalagoa duen alderdia falta zaio. Zer esanik ez bozka kopuruari erreparatuta. Gustatu ala ez, euskal gizartean ondo errotua dagoen eta indar handia duen ezker abertzalea ahaztu zaie. Nekez sinets daiteke, ordea, oroimen arazoa denik.

EAJko goi kargudunek beti esan dute, galdetu zaienean gutxienez, ezker abertzalearekin biltzen jarraituko dutela aurrerantzean ere; beraiekin ados egon ez arren -atzo bildu zirenekin ere ez daudela ados pentsa daiteke-, gizartearen zati bat ordezkatzen duten heinean ez dituztela azken muturreraino baztertuko, alegia, ez dituztela Alderdien Legearen ondorioak bere egingo, nolabait esateko. Esanak esan, orain zuten Alderdien Legea bertan behera uzteko aukera paregabea, egin duten erronda honetara ezker abertzalea gonbidatuz. Baina horretarako bi arazo zituzten: gainontzekoen erasoa jasatea eta beren statu quo-a babestea helburu duen proposamenarekiko benetako kritika jasotzea.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo