GARA > Idatzia > > Kultura

«Orain arte inork ez zuen New Yorkeko Guggenheimen kolore gorriaz idatzi»

p043_f01_97x176.jpg

Guillermo Zuaznabar

Arkitektoa eta New Yorkeko Guggenheim-en 50. urteurrenean Frank Lloyd Wright-i buruzko erakusketarako testuaren egilea.

Donostian jaio zen 1971n. Kontxu Uzkudun diseinatzeailearen semea, Arte Ederretan lizentziatu zen Bilbon, eta ondoren arkitekturan doktoratu Bartzelonan. Orain irakasle dabil Reusko Universitat Rovira i Virgilin. Berriki, New Yorkeko Guggenheim Fundazioaren enkargua jaso du artikulu bat idazteko eta «The New York Times» egunkarian ere aipatua izan da bere lana.

Ane ARRUTI | DONOSTIA

Frank Lloyd Wrightek diseinatutako New Yorkeko Guggenheim museoak 50. urteurrena bete du aurten. Hori ospatzeko, arkitektoaren atzera begirako erakusketa antolatu dute beste hainbat ekintzaren artean. Erakusketaren liburuxkarako Guillermo Zuaznabarri eskatu zioten artikulu bat.

Nondik nora iritsi zaio horrelako enkargu bat donostiar bati?

Nire arkitektura tesia New Yorkeko Guggenheim Fundazioko jendearen eskuetara iritsi zen, eta bertan banuen artikulu bat eraikuntzaren kolorearen inguruan, kolore gorriaren inguruan. Gai zehatz horri buruzko artikulurik ez zegoenez, nirekin harremanetan jarri ziren. Testua interesatzen zitzaiela esan zidaten, baina bertako artxiboko dokumentu guztiak utziko zizkidatela gehiago sakondu ahal izateko. 2008ko urtarrila inguruan jaso nuen enkargua, dokumentuak bidali zizkidaten, gero bertara joan nintzen hamabost egunetan dokumentuak aurrez aurre ikusteko... Emaitza nire tesiko artikuluaren lanketa sakonagoa izan da.

Horrelako eskaintzak ez dira egunero jasotzen. Ustekabea, bertigoa...?

Ustekabe izugarria. Ez duzu inoiz espero ezagutzen ez zaituen inork lan bat irakurri eta gainera lan sakonagoa eskatzea. Hori bera bakarrik izugarrizko ustekabea izan zen. Gainera, zure lana aintzatestea benetan pozgarria da. Nolabaiteko opari bat, inoiz esperoko ez nukeen enkargu bat izan da.

«New York Times» egunkarian ere piztu du interesa zure lanak.

Beste ustekabe bat. Christopher Gray zutabegileari Frank Lloyd Wright arkitektoari buruzko erakusketarako egin den liburuxka osotik nik jorratutako gaia interesatu zitzaion, eta nire lana hartu zuen oinarri egunkarian argitaratu zuen artikulurako. Askotan entzuten dugu AEBetan horrelako gauzak gertatzen direla eta konturatzen zara horrela dela. Informazio mordoa dute eta zerbait interesgarria egiten zaienean, ez zaie axola nongoa zaren, ez nondik zatozen.

Lloyd Wright arkitektoa izan zen Guggenheimen sortzailea. Zuk badiozu nolabaiteko mirespena.

Arkitekturan esaten dugu badirela bost «maisu». Mies van der Rohe, Le Corbusier, Alvar Aalto, Louis Kahn eta Lloyd Wright. Bost horietatik, Lloyd Wright da arkitektura modernoaren atea ireki duena. Arkitektura ikasten dugunontzat funtsezko figura da. Berak zehaztu zituen modernitatearen oinarriak, Le Corbusier eta van der Roheren aurretik. Hartara, beti da ikasgai Lloyd Wright. Makinaren estetika edo makinak ematen dituen osagaiak arkitekturan sartzen ditu. Berak esaten du, adibidez, ohol bat zerratuta bere baitan ederra dela. Estetika guztiz aldatzen du. Horregatik, ez nuke miresmena esango, historia kontu bat da.

Euskal Herrira etorrita, berriz, Jorge Oteiza izan da zure ereduetako bat eta gertutik aztertu duzu bere lana.

Bai, Oteizak, gure egoerari moldatuta, baina operazio bera egin zuen. Alde batetik, gure kultura zahar hori estetika modernoaren barruan berritu zuen. Horrexegatik agertzen dira hainbeste euskal artista abangoardiakoak. Berak gure material zaharrak edo tradizioak hornitzen zituen forma berrien edo abangoardiakoen bitartez. Horrek bi unetara begira jartzen gaitu aldi berean: iraganera eta etorkizunera. Horrek eragiten du, adibidez, euskara salbatzea. Oteizaren bidez ohartzen gara abangoardiako hizkuntza izan daitekeela edo gure tradizioak edo gure estetikak abangoardiarako estrukturak edo oinarriak izan daitezkeela.

Arte Ederretan lizentziatua, arkitekturan doktoratua... Amarengandik, Kontxu Uzkudun diseinatzaile eta Minimil markaren sortzailearengandik, jaso al zenuen artista sen hori?

Egia esan ez. Amaren kontua oso industriala izan zen. Bera jostuna zen, denda txiki bat sortu, handitu eta enpresa bihurtu zuen. Ni txikitatik konturatu nintzen -eta hau bereiztea oso garrantzitsua da- diseinu munduaren testuingurua guztiz ekonomikoa dela. Artearenak, berriz, ez du zerikusirik testuinguru horrekin. Argi ikusi nuen gaztetatik, jarduera ekonomiko horretan ez nintzela ongi moldatzen. Normalean nahastu egiten ditugu diseinua eta artea. Diseinuak formen mundutik hainbat ideia hartzen ditu, baina ez dute zerikusirik. Artean ere badaude enpresak, galeriak... baina ez da artea. Gurutzatzen ez diren bi mundu paralelo dira. Hori bai, etxean jaso genuen halako zaletasun bat artearekiko, museoekiko... eta konturatu nintzen testuinguru horretan oso eroso sentitzen nintzela.

Bilbon ikasten hasi eta Bartzelonara salto.

Zenbait beka jaso nituen eta nire prestakuntza markatu zuten bi bidaia garrantzitsu egin nituen: bata Alemaniara eta bestea Texasera. Azken honetan agertu zitzaidan arkitektura eta artean sakontzeko nahia, eta doktoretza egin nuen Bartzelonan. Orain irakasle nabil Reusen, Tarragonako Unibertsitate Publikoan. Orain dela lauzpabost urte eskola berri bat jarri zuten abian eta teoria arloa antolatzeko deitu zidaten. Proiektu horretan sartuta nago bete-betean.

Ez dirudi erronka makala.

Enkargu izugarri bat dago hor. Eskola berria eta teoria arloaren arduraduna. Oso gutxitan hasten da eskola berri bat arkitekturan eta horrelako ardura jasotzea... Ez dut uste lan politagorik izango dudanik. Hobeto ordaindutakoa akaso, baina horrelako erronkarik ez dut uste.

Zure ibilbide profesionaleko unerik onenean zaudela esan daiteke.

Etorkizunean oraindik ere une politagoak etortzea espero dut! Argi dagoena da eskaintzak ez direla egun batetik bestera etortzen, hau ez da loteria. Normalean azpian izaten da lana. Badira faseak, pixkanaka lan gehiago egiten joaten zara eta, zure emaitzen arabera, lan gehiago ematen dizute.

Donostiara bueltatzeko asmorik bai?

Gure lanbidean ikuspegi irekia izan behar dugu. Noiz ez dakit, baina nire asmoa bueltatzea da. Gutxienez, erretiroan. Bitartean, hemen ere baditut proiektu txikiak eta mantentzen dut kontaktua.

atzeko lana

«Eskaintzak ez dira egun batetik bestera etortzen, hau ez da loteria. Normalean azpian izaten da lana»

OTEIZA

«Bere lanak ohartarazi digu euskara eta gure tradizioak eta estetikak abangoardiakoak izan daitezkeela»

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo