GARA > Idatzia > Iritzia > Azken puntua

Amagoia Mujika Kazetaria

Toki guztietakoak eta inongoak

Toki guztietakoak gara, eta inongoak aldi berean. Gustatzen zait nonbaiteko sentitzea. Adinekoei sumatzen diet batez ere nonbaiteko izatearen sentimendu hori. Hamarkada luzeetan ikusi ez duten auzoko harekin topatzen direnean begiak pizten zaizkie. «Akordatzen harekin?», «Eta beste hura non ote dabil?», «Bai, haren baserria ere bota zuten errepide berria egiteko...». Izan ere, hain da polita elkarrekin gogoratzea.

Akordatzen gure lehenengo gaupasa hura? Auzoko jaiak ziren eta lanak izan genituen goizaldeko txokolatadara arte esna irauteko. Baina, hala ere, hantxe egon ginen, mahai gainean lo. Auzoko zaharragoek esnatu gintuzten txokolate beroa parean jarrita. Eta, pozik, lo-kuluxka eginda eta txokolatea hartuta, balentria handia egin duenaren harrotasunaz etxeratu ginen. Eta gurasoek barre egin zuten gure kontura. Akordatzen?

Gaupasa hura egin genuenetatik gehienak ez gara dagoeneko auzoan bizi, baina hurbiltzen gara noizean behin. Festetan adibidez.

Urte askoan ez da festarik izan auzoan eta orain, bertako gazte talde batek bultzatuta, berpiztu egin dira auzoko jaiak. Txikiak dira, xumeak, auzo-auzokoak. Ez dago su artifizialik, ez zezenik, ez kontzertu jendetsurik, ezta barraka zaratatsurik ere. Aurpegi ezagunak eta «aspaldiko»-ak dira nagusi. Irribarreak eta «zer moduz»-ak.

Eta gaueko ordu txikietan, beren lehendabiziko gaupasa egiteko gogoz dauden gaztetxoak ere topa daitezke. Gustatzen zait nonbaiteko sentitzea.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo