GARA > Idatzia > Iritzia > Jo puntua

Sonia Gonzalez Idazlea

Burtsako jainkoak

 

Ibex 35, Nasdaq, Dax indizea... egunero entzuten ditugun terminoak. Baina akaso inork ba ote daki zer den hori guztia? «Teleberri»n gezi gorriak beherantz eta gezi berdeak gorantz jartzen dituzte BBVA, Banesto, Iberdrola, Gamesa, Endesa, Santander, Acciona edo Arcelor izenen aurrean, gutxienez uler dezagun nori joan zaion ondo eta nori primeran.

Beti egin zait deigarria komunikabide guztiek -egunkari, telebista, irrati- atal finkoen artean burtsa ere agertzea. Herritar arruntek erabiltzen dituzten komunikabideek zergatik ematen dute inork ulertu ez eta inori balio ez dion informazioa? Hau da, gure artean nork inbertitzen ote du burtsan? (bankuek gure diruarekin egiten dituzten inbertsioak aparte utzita, jakina). Egia da gutxi-gutxiengo bat horretara dedikatzen dela, baina beste kolore bateko orrialdeak irakurtzen dituzte, komunikabide arruntetan ematen duten informazioa ez baita inondik inora elite ekonomiko horrentzako nahikoa. Orduan, zertarako eta zergatik inori axola ez dion atal berezi hori?

Lehengo egunean, bideo batean, Latinoamerikako ez dakit zein herritako albistegi aurkezle batek, 1970eko hamarkadan gutxi gorabehera, ikusleei kapitalista izatea zein erraza den adierazten zien. Akzioak zer diren azaldu ostean, edonork horrelako akzio bakar bat erosita nahikoa dela kapitalista bihurtzeko. Akaso horrexegatik egiten dute.

«Euskal» irrati «publikoan», duela gutxi, burtsan aditua bere programa zatian egun positiboa zela eta euforia gora euforia behera aritu zen. Justu bost minutu lehenago albistegian bertan langabeziaren datu berriak emanak zituzten. Baina komunikabide «publiko» horren ondorioa ekonomiaren egoeraren aurrean positiboak izan behar genuela izan zen.

Ekonomia publiko zabalarentzat inork ulertzen ez duen hitz, zenbaki eta kontzeptu pila bihurtu da. Ekonomia aberatsen poltsikoekin guztiz lotzea lortu dute. Enpresek irabazten dutenean, ekonomia ondo dabil; burtsako indizeak onak badira, ekonomia ondo dabil; akziodunek milaka milioi jasotzen dituztenean, ekonomia ondo dabil. Bestelako adierazlerik ez da kontuan hartzen, ez langabezia, ez enplegu edo bizi kalitatea, ez eros ahalmena ezta zorpetze maila ere.

Baina hain dago errealitatea lausoturik... hain da zaila ezberdintzea nor garen gu eta zeintzuk diren haiek... aurkezle hark esan legez, «edonor izan ahal da kapitalista». Hortxe engainua, edonor ezin da izan, baina edonork bai sinets lezakeela. Inkestetan «goi klase», «tarteko klase» edo «beheko klasekotzat» ote daukagun geure burua galdetzen digute, eta jakina, denak erdiko horretan kokatzen dira, inork ez baitu nahi izan beheko kastakoa. Gainera, tarte horrek beti uzten ditu goikora pasatzeko balizko aukerak. Zergatik ez dute galdetzen ea «langile klasetzat» ote daukagun geure burua?

Enpresariak gizadiaren ondasun bihurtu dira. Eurak ei dira aberastasun, oparotasun eta zoriona ekartzen dutenak, eta hortaz, denon artean zaindu beharreko gauza. Eurek ematen digute bizibidea eta eurek dute kentzeko ahalmena, jainko krudelaren antzera. Zerbitzari umilak garen heinean, kristau etsipenez onartu beharra daukagu, jainko orojakileek jakin badakitelako zer den onena guretzako, nahiz eta euren ontasunean miseria gorria eduki gordeta gure lakoontzat.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo