GARA > Idatzia > Iritzia > Ikusmira

Iraken AEBetako Armadak atzera egiteak utz ditzakeen arazoak Gates-ek ere ikusten ditu

Irtenbide posiblerik gabe, irtenbide onik gabe behintzat, argi dago uneotan AEBetako Administrazioaren lehentasuna Iraketik irten, eta Afganistango frontean ahalik eta indar gehien biltzea dela. Ildo horretatik, AEBetako Defentsa idazkariak, Robert Gates-ek, Armadaren irteera aurreratu dezaketela iradoki zuen atzo, Iraken bi egun igaro ondoren. Gabonetarako handik mugituko dituzten tropak uste baino gehiago izan daitezkeela esan zuen Gates-ek. Horretaz gain, aurrerantzean Irakek dituen erronkei buruz ere aritu zen estatubatuar agintaria. Horien artean bat nabarmendu zuen: kurduen eta irakiarren arteko gatazka politikoa. Defentsa buruak esandakoaren arabera, estatubatuarrak alde egin baino lehen konpondu beharreko auzia da, ondoren gatazkak okerrera egin lezakeelako. Egoeraren analisi gisa zuzena izan daiteke, baina Gates-en aldetik arduragabekeria da hori esatea. Izan ere, okupazioak irakiarrek aurretik zituzten arazoak areagotzea besterik ez duela lortu aitortzea baita. Haren hitzek galdera bat ere eragiten dute: nola gidatuko dute AEBek mundua demokraziarantz, Irak okupatuan beren agintepean duten kurduen eskubideak errespetarazteko gai ez baldin badira?

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo