GARA > Idatzia > Iritzia > Gaurkoa

Iratxe Esnaola Arribillaga Informatika ingeniaria

Google eta Microsoft

Microsoft eta Google erreferentzia nagusiak dira teknologien munduan. Iratxe Esnaolak argitzen duenez nagusitasun hori ez dute erabilienak izatearen ondorioz soilik lortu, «testuinguru teknologikoa eta aukera ezberdinen benetako errealitatea lausotzera iristen direlako ere lortu dute». Teknologiaren bi erraldoiek, ordea, estrategia desberdinak dituzte. Nolanahi ere, beren helburua berdina da: monopolioa lortzea.

Microsoft eta Google. Zein baino zein, nor baino nor. Biak ala biak, ezagunak teknologien munduan. Baina ezagunak izateagatik baino, erabilienak direlako dira aipagarri. Microsoft, edo hobe, bere sistema eragilea den Windows, munduan martxan dauden ordenagailu guztietatik %90ean dago instalatua. Google, berriz, beste kalitatezko zerbitzu batzuk eskaintzen dituen arren, bere bilatzaileagatik da famatua. Biak monopolio kontuengatik ikertuak eta, zenbait kasutan, epaituak ere izan dira. Eta hori horrela izanik ere, biak ala biak, elkarri bidea jan nahian dabiltza: Microsoft Interneteko eremura jauzi egiten ari den une berean, Googlek sistema eragile berri baten berri eman baitu. Komunean dituzten ezaugarriak bezain argiak dira, ordea, bien artean dituzten ezberdintasunak.

Fokua eremu ezberdinetan jartzen duten arren, biak, bai Microsoft eta bai Google ere, erabiltzaileen edo teknologia kontsumitzaileen gehiengo handiaren jabe dira. Erabiltzaileen gehiengoak Windows sistema eragilea eta Office pakete ofimatikoa erabiltzen du. Are gehiago, horietatik gehienek sistema eragile eta pakete ofimatiko bakarra direla uste dute. Bakarrak direla eta ez dagoela beste aukerarik. Bakarrak direla eta ez dagoela ezer aukeratu edota erabaki beharrik.

Antzeko zerbait gertatzen da Google bilatzailearekin ere. Erabiltzaile asko eta askok Google bilatzailea dute hasierako orritzat. Alegia, Firefox edo dena delako nabigatzailea irekitzean, bilatzailea da lehenengo ikusten duten orria. Eta kasu honetan ere, bilatzaile bakarra dela ematen du. Askok ez dakite bilatzaile ezberdinak daudela. Beste askok, bilatzailearen emaitzetan ez dagoena, sinpleki, ez dela existitzen pentsatzen dute. Googlen ez dagoena ez dagoela sarean, inon. Eta beste askok, inertziaz, bisitatu nahi duten webgunearen izena helbidea idazteko lekuan idatzi ordez, Google bilatzailean idazten dute, gero hortik webgunera joateko.

Teknologien munduan, erabiltzaile guztiak kontutan hartuta, Microsoft eta Google mundu mailako erreferentziak dira, zalantzarik gabe. Erreferentziak, erabilienak izateaz gain, testuinguru teknologikoa eta aukera ezberdinen benetako errealitatea lausotzera iristen direlako. Baina biak erreferentziak izanik ere, oinarrian duten kultura enpresariala, funtzionatzeko modua eta erabiltzailearengana iristeko bidea oso ezberdinak dira.

Microsoftek, bere enpresa izaera oso agerian utzi du beti eta bere produktuak ordainarazi egiten ditu: bai produktua bera (Windows sistema eragilea, adibidez) eta bai produktuaren eguneratzeak ere. Horretarako, bere produktuak copyright lizentziapean zabaltzen ditu eta erabilpen lizentziak ordainarazten ditu, alegia, programa edo aplikazioa instalatu edo eguneratu behar dugun bakoitzean ordaintzera behartzen gaitu. Negozio-eredu hori bizirik mantentzeko, ezinbestekoa zaio erabiltzaile kopurua gero eta handiagoa izatea eta, era berean, etengabe eguneraketak kaleratuz, etengabeko ordainketak bermatzea. Alegia, gero eta erabiltzaile gehiago, gero eta lizentzia gehiago, gero eta diru gehiago. Bestalde, gero eta eguneratze gehiago, gero eta diru-sarrera gehiago, maizago ordaintzen baitugu.

Erabiltzaileak badaki Microsoft enpresa bat dela eta, ustez, badaki produktu horiengatik ordaindu egiten duela. Baina Microsoftek oso modu sotilean lortzen ditu erabiltzaile berriak. Ordenagailu bat erostean, prezioaren barruan sartzen da Windows sistema eragilearen kostea. Barruan doa, instalatua eta ordaindua. Eta zergatik ordaindu behar dugu guk aukeratu ez dugun sistema eragile batengatik? Ez al genuke zalantzan jarri beharko? Ordenagailu bat erosten dugunean, aukera gehiago eskaini gabe, Windows instalatua izatea zilegi al da? Eta Windows nahi badugu, zergatik izan behar du Windows Vista? Erabiltzaileak ordaintzen badu, ez al du erabiltzaileak erabaki behar zein den erabili nahi duen Windowsen bertsioa? Microsoftek, noski, aspaldi egindako akordioak ditu ordenagailuen ekoizleekin. Egun, zorionez, GNU/Linux sistema eragilea duten ordenagailuak ere saltzen hasi dira, lehen, GNU/Linux sistemarekin lan egiteko asmoa izan arren, ordenagailuarekin batera Windowsen lizentziaren prezioa ere ordaintzera behartuak baikeunden. Baina, oraindik ere, modu oso lotsagarrian, gure ordez erabakitzen dute: zer erabiliko dugun eta zer ez; zer ordainduko dugun eta zer ez.

«Bezero» berriak sortu eta lotzeko modu sotil hori, ordea, erabiltzaile indibidualetatik harago ere iristen da, Microsoftek hezkuntza zentro eta administrazio publikoekin duen jarrera ere gisakoa baita. Hezkuntza zentroetan, kasu asko eta askotan, Microsoftek erabilpen lizentziak ia oparitu egiten ditu, alegia, zentro osoko ordenagailu guztietan Windows sistema eragilea instalatzeko aukera eskaintzen du, prezio onargarri batean. Zergatik? Lizentziak erdi-oparituz erabiltzaile berriak sortuko dituelako, txiki-txikitatik gainera. Eta, era berean, hezkuntza zentroa bere mendeko bilakatzen du, eguneraketa guztiak ordainduz. Epe luzerako estrategia da hezkuntza zentroetan aplikatzen duena, etorkizuneko erabiltzaileak sortzen baititu.

Berdina gertatzen da Administrazio Publikoaren kasuan, are larriagoa ere badelarik. Administrazio Publikoa Microsoftek duen bezerorik preziatuena da. Milaka ordenagailu, milaka lizentzia, milaka milioi. Microsoftek estu eta gogor eusten ditu administrazioak. Behar ditu. Guk Windowsen kopia ez baimendu bat instalatzen dugunean, ez diogu Microsofti inolako minik egiten. Microsofti mina egiten diona, administrazio publiko batek, edo herrialde batek berea ez den sistema baten aldeko apustua egitea da. Batetik, administrazio horretatik datorkion diru-sarrera neurgaitza galduko lukeelako eta, bestetik, apustu horren ondotik, herritarrak ere beste sistema bat erabiltzera animatu daitezkeelako. Eta, beraz, diru-sarreren beherakada nabarmena emango litzatekeelako.

Baina hori guztia horrela izanik ere, Microsoftek bere monopolioarekin jarraitzen du: administrazioak erabat lotuta dituelako (mehatxupean, zenbait kasutan) eta erabiltzaileak mundu teknologiko irreal bat bizitzera bultzatzeko estrategia guztiak martxan dituelako.

Zentzu horretan, Googlen politika enpresariala erabat ezberdina da. Erabiltzailearen begietarako, Google doako eta kalitatezko zerbitzuak eskaintzen dituen webgune bat da. Kasu askotan, doakotasun horrek, Google enpresa bat dela ahaztera ere eramaten gaitu. Bilatzailea, posta elektronikorako zerbitzu potentea, itzulpengintza automatikoa hizkuntza askorentzat (euskararentzat ez oraindik), Google Maps, Google Earth, eta abar luze bat. Kalitatezko zerbitzuak, azken erabiltzailearentzat doakoak direnak, Google publizitatetik bizi baita. Publizitatea oinarri duen estrategia eraginkorra du martxan eta, diru-iturri hori oinarri, bere ibilbide laburrean beste enpresa asko eta asko erosi ditu, Youtube, adibidez. Urte gutxiren buruan, arrakasta zuten edo izan zezaketen web zerbitzu guztien jabe bilakatu da Google (berak garatu ez dituen arren).

Hori da kontsumitzen dugun mundu teknologikoa. Microsoft eta Google: biak handi diren arren, biek handiago izan nahi dute. Estrategia oso ezberdinak dituzte martxan. Batzuk, enpresa izaeratik, agerikoagoak dira besteak baino, baina guztiek, monopolioa mantentze aldera, erabiltzaileen erosotasuna eta konfiantza bilatzen dituzte. Biak ala biak, handi, erreferente, monopolio. Behar gaituzte. Eta guk beraiek?

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo