GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Euskal Herria jaietan

San Esteban eguna, jaietako egun nagusia, ospatuko dute gaur Beran

Jaietako egun nagusia ospatuko dute gaur Beran: San Esteban eguna. Goizean, herriko zaindariaren omenezko ekitaldiak egingo dituzte. Hala ere, prozesioaren ondotik, egun osoan zehar festarako hamaika aukera izango dute. Eguerdian, esaterako, Sebastian Lizaso eta Andoni Egaña bertsolariak ariko dira herriko plazan. Arratsaldean, berriz, dantza eta musika emanaldiak soberan izango dira herriko edozein txokotan inguratzen diren guztien gozagarri.

p018_f03.jpg

GARA |

Dagoeneko festan murgilduta baziren ere, atzo eman zieten hasiera herriko jaiei Beran. Eguerdiko hamabietan, puntu-puntuan bota zuten Herriko Etxeko balkoitik suziria, ezkilen soinuz lagunduta. Iragarpenek kontrakoa esaten bazuten ere, txupinazoaren garaian behintzat eguraldia aldeko izan zuten nafarrek.

Herriko plaza jendez betea zegoen eguerdirako eta, behin argi berdea eman ondoren, berehala murgildu ziren festan Berako bizilagunak.

Jaietako egun handia ospatuko dute gaur Beran. San Esteban egunez, gustu guztietako ekitaldiz beteriko egitaraua dute prest Nafarroako herri honetan. Atzoko suziri jaurtitzearen ondoren, bete-betean sartu ziren jaietan eta herria erabat murgildu zen musika eta jai giroan.

Gaurkoan, udal ekitaldien eta herriko zaindariari eskainitako ekitaldien txanda izango da Beran, bai goizean zehar behintzat. Bederatziak aldera hasita, herriko txistulariek argisoinua joko dute herriko kaleetan zehar. Bestalde, bizilagunak esnatzen joan daitezen-edo, Ezpelur taldeko gaiteroak ere Berako txokoak alaitzen ibiliko dira goizean zehar. 10.30ak inguruan, udalbatza, txistulariak eta makil dantzariak, Berako bandera aurrean harturik, Herriko Etxetik San Esteban elizara abiatuko dira. Bertan, herriko zaindariaren omenezko elizkizuna egingo dute.

Prozesioaren ondoren, Gure Txokoa dantza taldeko kideek, txistularien doinuz lagundurik, Berako makil dantza eta bordon dantza dantzatuko dituzte. Eguerdi aldera, aldiz, zorteko izango dira bertso saioak gogoko dituzten bizilagunak. Izan ere, Herriko Etxeko plazan Sebastian Lizaso eta Andoni Egañak emanaldia eskainiko dute inguratzen diren guztien gozamenerako.

Berako aurreskua

Arratsaldean ere, ez da aspertzerik izango Berako jaietan. Goizean herriko kaleak alaitu ondoren, Ezpelur gaiteroek emanaldia eskainiko dute San Jose zahar etxean.

Dantza emanaldiak ere izango dira arratsalde partean. Izan ere, Gure Txokoa dantza taldeak Berako aurreskua dantzatuko du Herriko Etxeko plazan seiak aldean.

Iluntze eta gau partean, berriz, Laiotz taldea arduratuko da herria girotzeaz. 21.00ak aldean, bestalde, dantza herrikoien ikuskizunaz gozatu ahal izango da Altzateko karrikan. Fandango, arin-arina edo larrain dantza, denetariko euskal dantzez gozatu ahal izango da.

Gauerdian, amaitzeko, su artifizialen ikuskizuna izango da Zaragozana pirotekniaren eskutik. Ondoren, goizaldera arte Laiotz taldeak eskainiko du musika eta dantzarako aukera.

dantza eta musika

Eguerdian zein arratsaldean, dantza eta musika emanaldi ugari izango dira Berako jaietan. Gaur, San Esteban egunez, udal ekitaldien txanda izango da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo