GARA > Idatzia > Kirolak > Pilota

Baionako Masterra

Sorhueten jokoak erabaki du finalaren norabidea

Lapurtarrak egungo aurrelaririk onena dela erakutsi eta norgehiagoka bikaina jokatu zuen. Irujo ere txukun aritu zen berari atzean laguntzen, eta, bien artean, hasieran inork uste ez zuen txapela lortu zuten.

p038_f01_14049.jpg

XALA-HARIZMENDI 36

SORHUET-IRUJO 40

Jon LEUNDA | BAIONA

Inork uste ez zuen amaiera izan du Baionako Masterrak. Sorhueten eta Martinez de Irujoren alde inork ez zuen ezer ematen, ez finalerdietan, ez eta finalean ere, baina beraiek irabazi dute txapela.

Lehiaketak Sorhueten mailarik onena ikusteko ere balio izan du. Azkenaldian partida bikainak egiten ari zen lapurtarra, baina Masterrean beste guztien gainetik agertu da. Une honetan dagoen aurrelaririk onena dela argi geratu da, eta profesionaletara pasatu zenetik bere mailarik onena hartu duela ere nabarmen utzi du.

Irujok ere garbi erakutsi du trinketean ongi molda daitekeela. Lehen partidan zulo asko ikusi zitzaizkion, batez ere errestoan, baina atzo hobeto aritu zen, nahiz eta larunbat gauean Azpeitian jokatu zuen. Egia da aurrelaririk onenarekin aritu dela, baina trinketean egunero entrenatuko balu, horrelako laguntzarik gabe ere ongi molda daitekeela erakutsi du.

Finaleko gakoa Sorhuetengan egon zen. Pausuko aurrelariak sekulako norgehiagoka egin zuen, eta denak apurtu zituen. Atzean ederki lagundu zion Irujok, eta hori ikusiz, konfiantza hartzen joan zen Sebestien, eta txapela janzteko balio izan zion.

Hastapeneko berdinketen ostean, txapeldunak abantaila hartzen hasi ziren, baita zuloa egiten ere. 4-12 izan zuten tarterik handiena, baina Xalak eta Harizmendik abantaila hori laburtzeari ekin zioten, eta apurka-apurka markagailuan hurbiltzen joan ziren. Lekuinekoak berriro ere botearekin min egin zuen, eta 21-21ekoa lortu zuten. Partidako bigarren berdinketa zen, baina bigarren zatian oreka izan zen markagailuan, eta berdinketak ere ugari izan ziren.

Ondorengo hamar kintzetan sei aldiz egon ziren adostuta, baina azken txanpan Xala eta Harizmendi izan ziren aitzineratu zirenak (35-30). Tarte handia atera zuten jokatzeko geratzen zena kontutan hartuta, baina horrek ez zien balio izan garaipena erdiesteko.

Lapurtarrak eta nafarrak erreakzionatu egin zuten, eta beste bost tanto jarraian eginda, berriro ere markagailua orekatzea lortu zuten. Sakea alde izanda, ordea, Sorhuetek eta Irujok ez zuten asmatu, eta galtzaileak berriro ere aurretik jarri ziren, 36-35. Hementxe bukatu zen, ordea, finala. Xalak sakea atera eta Irujok berak egin zuen kintzea, pilota sarean sartuz, eta berriro markagailua berdindu zuen. Hortik aurrerako hiru kintzeak Sorhuetek berak egin zituen, eta txapela jantzi ahal izan zuen Irujorekin batera.

Finala dotorea izan zen, lau pilotariak oso maila onean jokatu baitzuten. Neurketa, gainera, aurrera joan ahala indarra hartuz joan zen, eta lau pilotariak amaieran oso indartsu agertu ziren. Hori bai, une honetan Sorhueti aurre egitea oso gaitza da, eta amaieran berak erabaki zuen hiru kintze jarraian eginda. Bukaeran, beraz, ezusteko txapeldunak izan dira. Sorpresak sorpresa, torneoa oso ona izan da, lehen finalerdiak zalantza asko sortu bazituen ere.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo