GARA > Idatzia > > Euskal Herria

KRONIKA Dolu eguna Villabonan

Ohore guztiekin agurtu nahi izan dute Ayestaran alkateordea

Asteburu gogorra igaro dute Remi Ayestaran zinegotzi villabonatarraren senide eta lagunek, baita herritar askok ere. Baina indarrak gaztearen heriotza salatu eta zegokion agurra ematen agortu zituzten atzo: «Remik hori eta gehiago merezi zuelako».

p012_f04_111x111.jpg

Maider EIZMENDI

Irribarrea beti aurpegian, lagunak egiteko erraztasun handikoa eta bidean egindakoen lagun ona, langilea... hitzak falta zitzaizkien atzo Remi Ayestaranen koadrilakoei eta Villabonako udal taldekoei ostiral iluntzean Ertzainek egindako jazarpenaren ondotik bihotz gaitzak jota hil zen laguna deskribatzeko. Hitzak eta indarra ere bai. Hala ere, 27 urteko zinegotziaren familiari eta Ayestarani azken agurra ematen kemena agortzeko prest agertu ziren.

Eguerdiko hamabiak pasatxo zirenean iritsi zen gaztearen zerraldoa Villabonako Errebote plazara, senideak eta lagun mordoak lagunduta. Ordurako makina bat pertsona bilduta ziren udaletxearen parean, serio, isilik, xingola beltzak zituzten ikurrinak eskuan hartuta. Lagunak eta udal taldeko kideak hartu zuten hilkutxa sorbaldan. Bertan, bildutakoen negar zotinen artean, eman nahi izan zioten lehen omenaldia. Zortzi dantzarik, zortzi lagun eta lankidek, ohorezko aurreskua eta ikurrinaren dantza eskaini zizkioten. Ondoren, txalo artean eta «Gora Remi, herriak ez du barkatuko!» oihuak ozen entzuten zirela, alkateordearen gorpua udaletxera sartu zuten, aurreko egunean gogorarazi zuten gisa, «hori baita dagokion tokia».

Senitartekoek pribatuan igaro nahi izan zituzten lehen minutuak, baina herritarrak berehala hasi ziren udaletxeko atarian biltzen hil kaperan azken agurra eman eta kontsolamendurik ez zuten senitartekoei eta neskalagunari sostengua adierazteko. Batzar aretoan zinegotziaren argazkia, ikurrina eta EAE-ANVren bandera zeuden eta, hilkutxaren gainean, ikurrina, Nafarroako ikurra, euskal presoak euskal herrira ekartzeko deia egiten duen banderola eta jaietako lepokoa.

Atarian pilatu ziren bere koadrilakoak eta lankideak. Lagunek gertatutakoa sinesteko betarik ere ez dute izan eta gogoan dituzte oraindik ere egiteko utzi dituzten planak, parrandak, elkar esateko utzitakoak... «Irekia, lagunen laguna, lagunak egiteko erraztasun handikoa... Norbait hiltzen denean beti izaten dira hitz onak, baina benetan Remiren kasuan ezin da bestelakorik esan, batetik eta bestetik iritsi zaizkigu mezuak», zioten koadrilakoek, bere neskalagunarentzat sostengu hitzak baino ez zituztela.

Udal taldekoek, laguna ez ezik, «lankide bikaina» ere galdu dute. «Militante sutsua, beti lanerako eta herriaren alde edozer egiteko prest zegoena», modu horretan deskribatu zuten Hautsi Izagirre eta Maialen Abaigar ezker abertzaleko zinegotziek. «Momenturik zailenetan indarrak atera eta inguruko guztiak animatzen gintuen, positiboan pentsatzeko gaitasun handia zeukan». Herriak emandako erantzun «bikaina» da euren hitzetan bere eskuzabaltasunaren eta pertsonaren islarik argiena; «hau eta askoz ere gehiago merezi du», zioten behin eta berriz.

Arratsaldeko seiak pasatxo, plazatik manifestazio jendetsua abiatu zen. «Remi gogoan zaitugu, herriak ez du barkatuko» pankarta eskuan, udal taldeko adiskideak, anaia, arreba eta neskalaguna. Atzean, jendetza xingola beltzak zeramatzaten ikurrinak hartuta. Bidean zinegotzi gaztearen aldeko oihuak eta Ertzaintzaren, EAJren eta PSOEren kontrakoak entzun ziren.

Manifestazioaren amaieran, taula gainera igo ziren anaia, arreba eta neskalaguna, bildutako guztien txalo zaparradak lagunduta. Villabonatik eta inguruko herrietatik ez ezik, Euskal Herri osotik zein kanpotik ere adore mezuak jaso dituzte senide eta lagunek. Hala gogorarazi zuten arratsaldeko ekitaldi hunkigarrian eta senitartekoek euren eskerrik beroenak eskaini nahi izan zizkieten guztiei. «Gure Remi, bihotz handia duen mutil handia, herri txiki baten maitale, Villabonak nekez kitatuko du inoiz zurekin duen zorra, gure herriko alkateorde maitea», esanaz abiatu zen ekitaldia. Aurreskua, bertso sentituak...

Ez zuten, hala ere, aukera galdu nahi izan berriz ere Ayestaranen heriotzaren «erantzule politikotzat Ares, Rubalcaba, Zapatero eta Lopez» jotzeko. «Zuek zarete Euskal Herrian benetako salbuespen egoera ezarri duzuenak, zuek zarete Euskal Herria inpunitate polizialaren eremu bilakatu duzuenak; zuen bulegoetan marrazten da errepresio estrategia eta errepresio estrategia horrek hil du Remi», salatu zuten. Azken denboran «errepresioa goia jotzen» ari dela ekarri zuten gogora: «Hor ditugu mobilizazioen debekuak, hor ditugu espetxeetan ematen ari diren gertaera larriak; komunikabideak ixten jarraitzen dute; tortura erabiltzen dute; ilegalizazio estrategia bururaino eramaten ari dira...».

Horiek horrela, euskal preso politikoekiko babesa eta elkartasuna zigortzeko abian jarritako estrategiak eraman zuela Ertzaintza Villabonara pasa den ostiralean salatu zuten; «baina euskal preso politikoekiko elkartasunak oinarri sendoak ditu Euskal Herrian, urte luzez elikatu den zuhaitza bezalakoa da, emankorra, indartsua, sustraiak lurrean ondo josiak dituena eta bere hostoak lau haizeetara zabaltzen dabilena etengabe». Jazarpenak jazarpen, elkartasun keinuak ez direla apalduko gogoratu zuten.

Amnistiaren aldeko mugimendutik, «benetako konponbide demokratiko baten aldeko mezua» zabaldu nahi izan zuten beste behin, «konponbide elkarrizketatu eta politikoaren aldekoa». Bide horretan, errepresioari ateak ixtea ezinbesteko jo zuten. Hala, mobilizatzen jarraitzeko deia luzatu eta ostegunean Villabonan greba orokorra eta Tolosaldean ordubeteko geldialdia deitu dituztela ezagutarazi zuten. «Askatasunak batuko gaitu Remi, zure testigua eta zure eguneroko lana udaletxean, kalean, ezker abertzalean, guk jarraituko dugu» esanaz amaitu zuten, «Lepoan hartu eta segi aurrera» abestu aurretik.

Gaur 17.30etan batzar berezia egingo dute udaletxean eta 19.00etan hileta elizkizunak izango dira Villabonako elizan. Merezitako herri omenaldia prestatzen hasi direla ere iragarri zuten.

Bestalde, 20.30ak aldera ezezagunek su eman zieten hainbat zaborrontziri eta bi kutxazaini.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo