Sega
Euskaldunak nagusi izan dira Mundialean Gasteizek ere egunero izango ditu jaialdiak
Jon LEUNDA | DONOSTIA
Euskal Herriak emaitza bikainak izan ditu Alemanian jokatu den taldekako Munduko Txapelketan. Gizonezkoetan bi mailatan parte hartu, eta biak irabazi ditu, eta emakumezkoetan, berriz, bigarren eta hirugarren geratu dira.
Hiru talde joan dira Euskal Herritik, eta horietako bik lortutako emaitzak ikaragarriak izan dira. Sega txikiarekin eta sega handiarekin, mutilak nagusi izan dira. Txapelketa honetan, gainera, azkartasuna eta txukuntasuna uztartzeaz gain, segalariek ilara zuzen utzi behar izaten dute, eta belarra nahastu gabe. Ofizioa erakutsi behar izaten dute, eta horretan, badirudi, euskaldunak onenak izan direla.
Mitxelena, Izagirre, Mendizabal eta Altzo izan dira txapeldunen taldea osatu dutenak. Sega handiarekin, 6 minutu eta 13 segundotan burutu dituzte lanak. Bigarren Suitza izan da, 6.46ko denbora eginda, eta hirugarren, berriz, Austria denbora bera eginda.
Sega txikiarekin ere, talde berak lortu du urrezko domina. 7.29 izan da bere denbora, eta bigarren Austria sailkatu da, 8.44ko denbora eginda. Hirugarren, berriz, Suitza sailkatu da, eta hauen denbora 9.35 izan da. Euskal Herriko bigarren talde bat ere izan da, baina haien emaitzak apalagoak izan dira, eta sailkapenaren erdialdean ibili dira.
Emakumezkoek ere lan bikaina egin dute, nahiz eta urrezko dominarik lortzerik ez duten izan. Garin, Astondoa, Gabirondo, Geresta eta Antsa izan dira taldea osatu duten kirolariak.
Sega handiarekin bigarren postuan amaitu dute. Austria izan da txapelduna; 8.41 izan da beren denbora. Bigarren izan dira euskaldunak minutu bat eta hiru segundora, eta hirugarren Suitza izan da minutu bat eta 15 segundora.
Sega txikiarekin, aldiz, hirugarren izan dira euskaldunak. Suitzak irabazi du, eta beren denbora 6.02 izan da. Bigarren Austria sailkatu da minutu bat eta 18 segundora, eta hirugarren Euskal Herria sailkatu da minutu bat eta 32 segundora.
Segalariek ez dute atsedenik izango; hemendik bi astera, eta berriro ere Alemanian, bakarkako Europako Txapelketa izango da. Han zailagoa izango dute honelako emaitzak lortzea, baina euskaldunak itxaropentsu joango dira, mundu mailan ere onenetakoak direla argi eta garbi utzi baitute taldekakoan.