GARA > Idatzia > Kirolak > Herri-kirolak

Gasteizek ere egunero izango ditu jaialdiak

Jon LEUNDA | DONOSTIA

Bihartik igandera arte egunero izango dira herri kirol jaialdiak Gasteizen, Foruen plazan, 12.00etatik aurrera. Bihar hasiko dira jaialdiak, eta lehen egun honetan bi txapelketa jokatuko dira. Hasteko, Arabako aizkolarien finala. Kanporaketa bat jokatuta dago, eta lau neurtuko dira txapelaren lehian, nahiz eta hauetako bat segoviarra den.

Zubiaga, Jauregi, Rodriguez I.a eta Llanos arituko dira nor baino nor. Aizkolari bakoitzak, bi 45 ontzako, bi kana-erdiko eta bi 60 ontzako erdibitu beharko ditu.

Aizkolariena, ordea, ez da izango lehen egun honetan jokatuko den final bakarra, herrialdeko orga-jokoko txapela ere erabakiko baita.

Etzitik aurrera, berriz, aizkolarien Arabako Irekia izango da. Lehen finalerdia, abuztuaren 6an jokatuko dute, eta bertan, Arrospide eta Jauregi Larretxearen eta Rodriguezen aurka neurtuko dira. Hurrengo egunean, bigarren finalerdia jokatuko da, eta bertan, Nazabal eta Llanos, Zubiagaren eta Arriaren aurka neurtuko dira. Finala, larunbatean jokatuko da.

Hiru egun horietan, ordea, Arabako beste txapelketa batzuk ere jokatu eta ikusi ahal izango dira. Hilaren 6an, lastoa-altxatzeko herrialdeko txapela erabakiko da. Abuztuaren 7an, berriz, trontzalarien finala jokatuko da, eta 8an, emakumezkoen txinga txapelketa. Hilaren 9an probak izango dira jaialdiei amaiera emateko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo