GARA > Idatzia > > Kultura

Pierre Loti saria, bakardadea eta itsasoa gai dituen lanarentzat

Atzo eman zuten Hendaian Pierre Loti saria, eta aurtengo irabazlea Nicole Bouyala idazle eta bidaiaria izan da. Hirugarren edizio honetan idazleak kargaontzi batean egindako bi hilabeteko bidaiaren berri ematen duen «Cargo solo» liburuak jaso du saria.
p050_f01_153x113.jpg

Idoia ERASO | HENDAIA

Iaz argitaratutako bidaia liburu onena hautatzen duen Pierre Loti saria eman zioten atzo Nicole Bouyala idazleari. Pimientos argitaletxeak kaleratutako «Cargo solo» liburuak hemezortzi urtez Saint Quentin la Poterieko herriko auzapeza izandakoaren bidaia kontatzen du. Bi hilabete eman zituen kargaontzi batean Atlantikoa zeharkatzen, bakardadearen bitartez bere burua atzeman nahian. Idazlearen hitzetan, bakardadearekin batera «isolamendua» ere atzeman zuen, behin abiatuta ezin utz daitekeen «kartzela» horretan.

Bidaia koadernoa egin zuen egunerokotasunak eskaintzen dituen gogoetak eta gertakizun txikiak ez ahazteko, eta bere hitzak ere gorde zituen grabagailu batean. Bi euskarri horiek baliatuta bi hilabeteko bidaiaren berri ematen duen liburua argitaratu zuen.

«Saria aho batez erabakia izan da. Ongi idatzia da eta bidaia baten istorioa eskaintzeaz gain, pertsona baten abenturaren berri ere ematen du. Pertsona bat aldatzea lortzen duen bidaia», azaldu zuen sariaren antolatzaileetako bat eta Ulysse liburu dendako Katreen Marionek.

Liburuaren egileak ere bat egin zuen aldaketaren ideiarekin: «Politikan urte asko eman eta gero, bi hilabete hartu nahi izan nituen gogoeta egiteko. Bidaiatik bueltatu ostean, gauzak lasaitasun handiagoz hartzen ditut, bizia goxoagoa iruditzen zait orain».

Kargaontzi batean bidaiatzeak ere bestelako ondorioak ekarri dizkio auzapez ohiari: «Han benetan ze garrantzi dudan konturatu naiz, ez gara ezer». Izan ere, itsasontzi erraldoi horretan eginiko ibilbidean denak itsasgizonak ziren eta bera zen bidaiari bakarra. Gainera tripulazioa berarekin jator portatu bazen ere, bestelako hitzak zituen kapitainarentzat: «Errusiar-letoniar bat zen eta oso desatsegina izan zen nirekin».

Egoera berezi horretaz berehala konturatu zen Bouyala: «Gure bidaia Anberesen hasi eta Mexikon bukatu zen; lehen geldialdia Bilbon egin genuen. Inguruan itzuli bat egitera joan nintzen eta bueltatu nintzenean igarobidea kenduta zegoen. Bost minutu geroago ailegatu izan banintz, han utziko ninduten, garaiz egon behar da, bestela ez dizute itxaroten».

Euskal Herriari buruz

Hendaian hiru hilabetez irekita izaten den Ulysse liburu dendaren (bidaia liburuetan espezializatua) ekimenetik sortu zen Pierre Loti sariak aurtengoa hirugarren edizioa du. «Pierre Loti ahantzia izan zela iruditzen zitzaidan eta orduan bere izena eta kostaldeko hiriarena daraman saria antolatzea bururatu zitzaidan», azaldu zuen liburu dendaren jabe Katreen Domainek.

Serge Blancoren talasoterapia guneak ideiarekin bat egin zuen eta horrela sariaren irabazleak hotelean astebeteko egonaldia eskuratzen du. Sariaren truke Euskal Herriari buruzko zerbait idaztea eskatzen zaio garaileari. Nicole Bouyalak jaso duen sariaren izena daraman pertsonaren istorioari begiratu dio bere idatziaren gaia atzemateko.

Idazleak Crucita Gainza hendaiarrak Lotirekin bizi izan zituenei buruzko gogoeta eskainiko du. «Lotiren arabera, euskal arraza onena zen eta horrexegatik eraman zuen emakume hori Rochefortera berarekin umeak izateko. Deportatutako emakume baten ikuspegia berreskuratu nahi dut», adierazi zuen idazle sarituak.

Ondorio ezberdinak dituen saria dela nabarmendu zuen sarituak: «Oso pozik hartu dut saria, horrek izen ona ematen du eta egindako lanari balio handiagoa ematen dio. Liburuaren promoziorako ere oso ona izango da». «Cargo solo» irakurri duten pertsonek epaimahaiak eman duen iritziarekin bat egiten dutela aitortu zuen Bouyalak: «Erraz irakurtzen da».

HITZALDIA

Idazlearen istorioa hurbilagotik ezagutu nahi duenak gaur gauean Abadia gazteluan egingo den hitzaldira hurbiltzeko aukera du. Ostegunean irabazlea Ulysse liburu dendan eta Hendaiako kasino zaharrean izango da liburuak sinatzen.

EMAKUMEA

«Itsasgizonen artean bidaiari bakarra nintzen, tripulazioa xarmangarria zen. Baina ez naiz ez beraiek interesatzeko bezain gaztea, ezta hunkitzeko bezain zaharra ere, beraz bakarrik sentitu nintzen askotan», onartu zuen Nicole Bouyalak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo