Istripu uniformedunak eta kontra-argudioak
Komunikabide gehienek «gaixotasun koronario» baten ondorio gisa tratatu dute Remi Ayestaranen heriotza. Areago, bere omenezko ekitaldietan oihukatu ziren edo ez ziren leloak gaztearen heriotzak baino tarte handiagoa hartu dute hedabideetan. Nolanahi ere, albisteari egin dioten tartea eta eman dioten ikuspuntua albo batera utzita, argi dago Ayestaranen heriotza gatazka politikoaren ondorio dela. Beste behin ere, batzuek egitate hau ukatzeko sentitu duten beharrak eta erakutsi duten grinak hori egiaztatzen du.
Horrez gain, ariketa sinple bat egin daiteke puntu hau frogatzeko. Zer gertatuko litzateke, zein izango litzateke komunikabide hauen posizioa, Marisa Arruek edo Regina Otaolak tankera horretako «istripu koronarioa» izan balute kalean izan dituzten liskarretan? Argi dago orain kausa eta efektuaren arteko harremanari buruzko ikuspuntu zorrotza duten horiek ez luketela gauza bera esango.
Koherentzia ez da balio politiko bakarra, baina politikan oso garrantzitsua da. Era berean, kazetaritzan inpartzialtasuna balio garrantzitsua da, alegia, antzekoak diren bi auzi zeharo desberdin ez tratatzea oso inportantea da. Ayestaranen kasuak euskal gatazkari dagokionez politikari eta kazetari batzuek duten partzialtasuna eta inkoherentzia erakutsi du, besteak beste.