GARA > Idatzia > Iritzia > Gutunak

Xanti Begiristain Madotz Iruñea

Hau justizia, hau!

Suposatzen dut Espainiako Justiziak gauza batzuk ongi eginen dituela, baina, egia esan, «Egunkaria» auziarekin egiten ari direna ikusita, oso zaila da justizia horretan pixkatxo bat bakarrik ere sinestea.

Auzitegi Nazionalak azkenean epaiketa eginen du Martxelo Otamendi, Joan Mari Torrealdai, Iñaki Uria, Txema Auzmendi eta Xabier Oleagaren aurka, etakide izatea egotzita.

Zoritxarrez, gainera, tankera horretako epaiketak ez dira bakanak izan Euskal Herrian azken urte hauetan. Denok gogoratzen ditugu, esate baterako, Egin egunkaria eta irratiaren kasuak, 18/98 auzia eta beste hamaika.

Orain, nonbait, sinetsarazi nahi digute gorago aipatu ditudan pertsonak gaizkile huts, amorratu, gorrotagarri eta ezin arriskutsuagoak direla, alajaina!

Baina, ezagutzen ditugunok badakigu guztiz bestelakoak direla, hau da, kultura zaleak, langile finak eta pertsona apalak: idazleak, kazetariak, esatariak, euskaltzain osoak, erlijiosoak, egunkari zuzendariak eta abar, egunero aurpegia ematen dutenak eta behien ere ezkutatu ez direnak. Pertsona horiek etakide bezala epaitu behar baldin badira, uste dut Euskal Herrian eta mundu osoan, beraiek bezalako beste milioika gizaki gaudela egoera berean, alegia, epaitu beharrekoak.

Nire elkartasunik handiena Martxelo, Joan Mari, Iñaki, Txema eta Xabierrentzat. Baita auzi ekonomikoan ukituta dauden guztientzat ere. Eutsi goiari!

Hasieran esan dudan bezalaxe, nekez sinistu daiteke izpirik ere halako justizian.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo