Maitane Intxaurraga Ezker abertzaleko kidea
Gerra zikina, estatuaren ezinaren adierazle gordina
«Alain Berastegi arbizuarra, bahitu, torturatu, jipoitu eta mehatxatu dute 7 orduz, espainiar indar armatuekin kolaboratu dezan exijituz». Bai, oraingoan sakandar bati tokatu zaio, lehenago Juan Mari-ri, duela bi hilabete Landerri eta duela hiru Jon Anzari bezala. Zorionez Alain herrian daukagu.
Euskal Herrian sigla ezberdinez jantzita edota zuzenean uniformea erantzita beti bizi izan ditugu gerra zikinaren atzaparkadak. Gerra zikina, tortura, jipoiak, jazarpenak... Estatuak, independentziaren aldeko borroka gelditu nahian, baina ezinean, erabiltzen duen tresna errepresiboa da. euskal herritarron gehiengoak nahi dugun aldaketa politiko-soziala galarazi nahi dute, aldaketa hori portu onera eraman dezakeen motorea gripatu nahi dute, ezker abertzalea, eta helburu hori lortzeko asmatu ditu asmatu dituenak: legedi bereziak, epaitegi bereziak, dispertsioa, tortura, ilegalizazioak, putxerazoak... eta gerra zikina.
PSOEk errepresio basatiaren aldeko apustua egin du, itxurak ere alde batera utzita. Momentu honetan, bera da errepresioaren erantzule nagusia, eta bere kolaboratzaile, beste aldera begiratzen duten alderdi, sindikatu zein komunikabideak. Herri honetan gertaera oso larriak gertatzen ari dira azken hilabeteetan beste aldera begiratzen jarraitzeko. Ustez, defendatu eta babestu beharko gintuzketen agintari eta erakundeak behatzik mugitzen ez dutela ikusteaz aspertuta gaude. Herri harresi bat eraiki behar dugu gehiegikeria honen aurrean. Elkartasuna adieraztea, babesa ematea eta mobilizazioak dira «Stop!» esateko modu egokia. Gure haserrea eta ezadostasuna adierazi beharrean gaude.
Salaketa publikoak, herri antolaketak eta mobilizazioak geldiaraz dezake gerra zikina. Eraso hauen helburuetariko bat erasotua eta bere ingurua beldurtu eta anulatzea baita. Erasotuak, sentitzen duen amorru, inpotentzia eta beldurrak konpartitzea beharrezkoa da. Era berean, erasotuari, herriaren babesa eta elkartasuna helarazi behar zaizkio, erasoa modu pertsonalean bizita ere, eraso horren izaera eta zentzua konfrontazio politiko baten ondorio delako, kolektiboa, herri baten bizi iraupenaren aurkako erasoa.
Denok gara Alain, Lander, Juan Mari edo Jon, eta horrela sentitu behar dugu. Euskal Herria nazio bat dela pentsatzen/sentitzen dugun guztioi eraso egin digute.
Errepresioari planto egitea sano bezain beharrezkoa dela deritzot, eta aukera izanen duzu; datorren larunbata 8an, arratsaldeko 19.00etan Arbizun eginen den manifestaldian parte hartuz.