Angeluko kirol zelaia okupatu duten nomadak kanporatzeko agindua
GARA |
Ehun bat karabanek Angeluko Choisy estadioa okupatu zuten igande arratsaldean. Atzo goizean Baionako suprefetak bertatik alde egiteko agindua eman zien eskura. Agindu horretan gaur eguerdia baino lehen kirol zelaitik alde egin behar dutela ezartzen du, eta agindua bete ezean, Angeluko Herriko Etxeak poliziaren laguntzaz kanporatzeko eskubidea izango duela.
Prefekturak ez die nomadei Angeluko Genêts futbol taldeak erabiltzen duen eremua uzten dutenerako bestelako aukerarik eskaini. Ijito ibiltarien taldeak, aldiz, gaiaren inguruan eztabaidatzeko eskaintza egin du: «Angelun hartuak izateko negoziatu nahi dugu».
Aurtengo udan horrelako egoerak behin baino gehiagotan errepikatu dira. Ekainaren 14an Uztaritzen 80 bat karabana zabalera handiko saltegi bateko aparkalekuan ezarri ziren eta prefekturak Landetara bidali zituen. Baionan ere Saint Bernard aparkalekua karabanek hartua izan zen.