ERREMONTEA Doneztebarraren lesioa
Ezkurra: ŤOso zail ikusten dut Torneoan aritzeať
Lesio batetik atera berria zen nafarra, baina iragan larunbatean eskuineko izterrondoan ziztada nabaritu zuen. Bihar egingo dioten ekografiak esango du Casino Kursaal Torneoan parte har dezakeen edo ez.
Imanol CARRILLO | DONOSTIA
Ez dira garai onenak bederatzi aldiz txapeldun izan den Koteto Ezkurra erremontistarentzat. Bere eskuineko bikian zuntz haustura bat izan eta hiru aste kantxetatik kanpo egon ostean, iragan larunbatean beste lesio bat izan zuen Doneztebeko aurrelariak. Oraingoan, eskuineko izterrondoan ziztada nabaritu zuen Agirrezabalarekin batera Zeberio II.aren eta Ionen aurka Hernaniko Galarreta pilotalekuan jokatzen ari zela (bertan behera geratu zen partida 4-4 zihoazenean).
Gertatutakoarekin nahigabetuta agertu zen atzo nafarra. «Ni ongi nago, baina nahigabe handiarekin. Zorte txarra izan dut». Izan ere, Ezkurrak datorren hastean hasi behar zuen Casino Kursaal Torneoa, eta baliteke kanpo geratzea. «Ez da ziurra kanpoan geratuko naizela. 15a oso gertu dagoela ikusten dut, baina ni, orain nagoen bezala, oso zail ikusten dut hor egotea», nabarmendu zuen.
Banakako torneo honetan parte hartzeko urte osoan zehar prestatzen aritu dela ziurtatu zuen Ezkurrak, baina «azkenean hau horrela da. Urte osoa pasatu dut lesiorik gabe eta oso sasoi onean nengoen. Bikian lesioa izan nuen, baina hori ahaztuta nuen. 20 egun egon nintzen ondo sendatzeko. Entrenamendu dezente egin nituen, korrika saioak ere bai. Azkenean zorte txarra da», nabarmendu zuen.
Azken lesio hau honela ekarri zuen gogora aurrelariak: «Tanto normal batean izan zen. Oso gustura hasi nintzen, aurreko lesioa ahaztuta, baina halako batean gauza arraro bat egin zidan pilotak eta nik mugimendu oker samarra egin nuen ezkerreko hankarekin, eta ziztada sentitu nuen izterrondoan».
Atzo bertan egin behar zioten ekografia lesioaren tamaina zein den jakiteko, baina izterrondoa handituta zuela ikustean, medikuek biharko utzi dute proba. Emaitzak, aldiz, ostegunean emango dizkiote Ezkurrari. «Medikuarekin hitz egingo dut ea berak nola ikusten duen lesioa, eta ikusiko dut hemendik ostegunera zein sentsazio ditudan enpresarekin ziurtatzeko eta zer egin behar dudan ikusteko», adierazi zuen nafarrak.
Hala ere, kirolariak argi utzi zuen ez duela edonola jokatuko. «Nik gustura jokatuko nuke, baina argi daukat ez naizela erdipurdi aterako. Ongi banago aterako naiz, bestela etxean geratuko naiz», iragarri zuen.
Jaialdia Galarretan
Lesioak alde batera utzita, Casino Kursaal Torneoan parte hartuko duten erremontistetako bik -Altuna II.ak eta Urrutiak- elkarren kontrako partida jokatuko dute gaur Hernaniko Galarretan prestatutako jaialdi batean (lau partida jokatuko dira 16.00etatik aurrera).
Estelarrean Altuna II.a-San Miguel eta Iñigo Lekunberri-Urrutia arituko dira. Azken honek azken bost neurketak irabazi ditu eta banakako torneoan -hilaren 27an jokatuko du- maila handia emango duela espero da.
Honako beste hiru partidek osatzen dute jaialdia: Matxin VI.a-Zubizarreta / Etxabe II.a-Etxezabal; Uterga-Baleztena / Etxeberria IV.a-Ion; eta Urtasun-Urko / Zulaika-Olazar.