GARA > Idatzia > Iritzia > Gutunak

Josu Gotzon Landeta Irakaslea

Herri kolonizatuak ezagutuz

Inguruko hedabideetan, sarri entzun izan dut gure herrian ditugun gaitzak eta aurreiritziak sendatzeko bidaiatzea moduko botikarik ez dagoela.

Aurten gure oporrak aprobetxatuz, familiarekin Bretainiara joateko aukera izan dugu. Izan ere, urte osoan zehar ibili gara herri hori ezagutzera joateko planak egiten, baina ez kasualitatez, idazkien, irudien zein abestien bitartez, bere izaera primitiboa, antzinako druiden oroitzapena, hango kostalde basatiak... eta beste hainbesteren berri izan baitugu aspalditik. Herri baten ezagutza egiteko asmoz haren bila abiatu ginen, baina tamalez leku hartan bertan herri hori topatzeko zailtasunak izan ditugu: menhir eta druiden oroimena frantses souvenir merkatari-zentro bihurturik, herrietan frantses izaera eta kultura erabat tinkaturik, portu askotan itsasontzi militar frantsesen presentzia, eta, tamalgarriena, hizkuntza erabat zapaldu eta minorizatu bat (100.000 lagun inguruk baino ez du bretoiera ezagutzen, Kerne irratia ei da bretoieraz emititzen den bakarra, eta prentsa idatzia usaindu ere ez dugu egin). Laburbilduz, herri kolonizatu bat topatu genuen, hainbesteraino ezen bretoi kulturaren nortasun zantzuak ia ez ziren igartzen.

Zoritxarrez Europan eta mundu zabalean, hamaika herri daude Bretainia bezala kolonizaturik, munduko mapa batean euren kokapena ukatu egiten dieten herriak, Euskal Herria barne. Bretainia lauzpabost departamentutan zatiturik ageri den gisa ageri da gure herria hiru administraziotan zatiturik, baina gure kasuan kolonizazio hori frantses Estatuaz gain Estatu espainolaz ere gauzatuz doa. Ezin ukatu, ostera, gure hizkuntza eta kultura hangoaren aldean indartsuago sumatzen direla, baina hemen ere ez gaude txapliguak botatzeko moduan, ezen frantses eta espainol estatuek darabilten asimilazio prozedura basatiek euskaldunak hutsaren pare bihurtzeko helburua baitute. Egun hizkuntzak duen egoera diglosikoa ikustea besterik ez dago, gainean frantsesaren eta gaztelaniaren harlauza indartsu eta zapaltzailea gainean dugula, eta arnasa hartzeko gero eta leku estuagoa uzten digutela.

Gure tankerako herriek zelan edo halan bidea zabaldu beharra dute, bide samur zein gogorretatik, eskuak loturik buruan jartzen diguten plastikozko poltsari (zenbaitzuek zentzu literalean ere egiten dute) haginka apurtu behar izanik, arnasbiderik izango badugu. Eta horren truk, horra hor estatuetako prentsa zentralista zein kriolloak botatzen diguna: ETAren lagun terrorista ziztrinak garela, herri hura nazien kolaboratzailea izan zela... Azken batean, gure herriaren defentsan gabiltzanok deabruaren pertsonifikazio atzerakoi eta inposatzailea ei gara, estatu menperatzaileak zeruko aingeruen pertsonifikazio aurrerakoia eta demokrata diren neurrian.

Kolonialismoak munduan zehar hamaika aurpegi ditu, baina denak antzekoak, eta helburu argi bat dutenak: asimilazioa. Eta, zalantzarik ez, horretaz kontzientzia hartzeko bidaiatzea moduko botikarik ez dago.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo