«Euskal Herria ez da salgai» ekimenak lau eraso aldarrikatu ditu
GARA |
Irulegiko irratira igorritako agiri batean, azken hilabeteotan golfeko berrogei bat guneren aurka aitzurrez egindako txikizioak aldarrikatu dituzte «Euskal Herria ez da salgai» dinamikaren baitan.
Angeluko Xibertan (maiatzaren 13an), Arrangoitzeko golf gunean (maiatzaren 28an) eta Donibane Lohizuneko Xantakon eta Ziburuko Golf de la Nive-n (uztailaren 29an) egindako erasoak dira hain zuzen ere agirian aipatzen direnak. Ez Jendarmeriak ez Arrangoitzeko golf klubaren jabeek ez dutela «ekintzaren» berri eman zehazten da bertan.
Eraso horien zergatiaren inguruan oharrean diotenez, golf eremuek lekuko ekonomia sustatzen dutela esatea ez da jarduera hori bultzatzeko pisuzko argudioa: «Enpleguak dauden bitartean, nahiz eta batzuk preka-rioak izan, dena da haizu: laborantzari eremuak kentzea, amalurra izorratzea... Lekuko ekonomiari benetan mesede egin nahi badiote, golfeko arduradunek zergatik ez dituzte beren lurrak probetxuzko jardueratara xedatzen?».
Turismoaren menpe
Agirian jasotzen denez, «arazoa ez da bertakoa edo turista izatea, Ipar euskal Herria nork eta zertarako erabiltzen duen baizik». Lapurdiko kostaldea «aspaldian turismoaren monokulturaren menpe» dagoela nabarmenduta, «po- litago eta integratuago izaten saiatzeko ikurrinekin apaintzea» ez dela aski dio testuak.
Kortsikan bezala, Ipar Euskal Herrian ere «talde politiko, sozial eta armatuek `Côte d'Azur' berri bat bihur ez dadin lanari ekin eta espekulazioari eta nortasunaren desagertzeari aurre egin» izana «zorioneko» jotzen du agiriak.
«Gure herriaren geroa eta kudeaketa jaunttoen esku utzi bagenu, zer izanen litzateke gaur Euskal Herria?» galdera pausatu ostean, duela urte batzuk abiatutako «Euskal Herria ez da salgai» dinamikaren barnean «menpekotasun politika geldiarazteko hasitako lanari eusteko» prest daudela adierazten du agiriak.