GARA > Idatzia > > Kirolak

«Txistetzat hartzen zuten nire erronka, baina orain egiteko gai naizela ikusten dute»

p037_f01_097x160.jpg

Patxi CAMINOS

Korrikalaria

Gizakiak akuilu bat behar du sarritan aurrera egiteko, munduaren aurrean nor den erakusteko. 36 urteko abaltzisketar honek ere badu bere erronka datorren larunbatean, 18.00etatik aurrera: 24 orduan Txindoki 12 aldiz igotzekoa. Zergatia? Jendeari inoiz baino osasuntsuago dagoela erakustea. Arrakasta «bukaeran» nahi luke Patxik, baina esan daiteke dagoeneko arrakasta berea dela.

Arnaitz GORRITI |

Euskal Herrian makina bat apustu, joko eta desafio izan ohi da. Gutxien espero den aldetik etor daiteke, gutxien espero den motibazioari segika. Nork esango luke dieta makrobiotikoak Txindokira 24 orduan igotzeko errekorrarekin zerikusirik izan lezakeenik? Bada, Patxi Caminosek uztartu ditu eta Iker Karrerak duela lauzpabost urte ezarritako 11 igoeratako marka hausten saiatuko da abaltzisketarra larunbat honetan, erronka pertsonal eta kolektibo baten erakusgarri.

Prest egongo zara honezkero?

Prest nago, bai. Duela hiru bat aste hamaika orduan sei itzuli eman nizkion Txindokiri eta ongi amaitu nuen. Beraz, bai, prest nago.

Ongi atera zen orduan proba?

Bai. Bide erdia eginda ongi amaitu nuen eta kapaz ikusten dut nire burua. Gainera, nik ziur ikusten ez badut, nork ikusiko du?

Noiztik zabiltza erronka hau prestatzen?

Badira zazpi-zortzi hilabete. Erronka bat burutzea planteatu nion Ricardo Madana nire prestatzaileari, eta honek Iker Karrerak 2005ean-edo Txindoki 11 bider igo eta jaitsi zuela esan zidanean garbi izan nuen.

Batez ere fondoa eta erresistentzia lantzeko entrenamenduak egin ditut, aldapan gora eta behera, eta, horrez gain, gimnasioan ariketa fisiko mordoa egin dut.

Larraitzeko parkingetik Txindokira 12 bider igo. Zergatik?

Betidanik egin izan dut kirola eta argala izan naiz betidanik, baina katarroa sarri hartu ohi nuen, bularra hartuta makina bat bider egon naiz, eta horren aurrean zer egin galdetu nuen eta, bada, dieta makrobiotikoa egitea proposatu zidaten. Dieta hori, oro har, zereal eta barazki dieta da; haragirik jan gabe, ahalik eta garbien, elikatzen naiz.

Kontua da osasunez inoiz baino hobeto nagoela, katarrorik jadanik ez dut izaten, baina pisu dezente galdu dut. Hori dela eta, jendeak sekulakoak esan izan dizkit: gaixorik nagoela, ea ez dudan jaten, erotu ote naizen... Horrek haserretu egin ninduen eta nire prestatzaileari galdetu nion zer egin nezakeen osasuntsu nagoela erakusteko. Bada, Txindokiko kontu hau aipatu zidan eta halaxe ekin nion.

Zer iruditu zaio, bada, jende horri berari?

Egia esan, hasieran jendeak txistetzat hartzen zuen erronka hau. Lehen burutik jota nengoela esaten bazuten, erronka honetan hasia nintzela jakindakoan, are gehiago. `Ez dituk lau itzuli emango' esaten zidaten.

Baina denborarekin ikusi dute erronka hau lortzeko gai naizela. Badira, noski, lortuko ez dudala diotenak, baina duela hiru aste ikusi ninduten 12 orduan sei itzuli ematen eta kontua serio hartu dudala. Giharrak sekula baino hobeto ditut eta asko lor dezakedala esaten hasi dira orain.

12 aldiz igo ala igo eta jaitsi?

Federazioak ez digu ezer esan. Denboraz ondo banabil, igo eta jaitsi egingo dut.

Laguntzarik izango duzu larunbatean?

Masajista eta prestatzailea izango dira nirekin. Nire osabak ere, 51 urtekoak, hasieran lagunduko dit, gora janaria eta eramanez. Osabak nirekin batera ekingo dio probari eta itzuli batzuetan lagunduko dit.

Gauez nola moldatuko zara?

Igotzeko ez da arazo handirik. Linterna bat eramango dut kopetan eta horrek egingo dit argia. Bestalde, sarritan ibili izan naiz gauez eta ez dut arazo handirik izango. Jaisteko izango dira kontuak. Beste bide batetik jaitsiko naizenez, markatu gabeko bidezidor batetik, bada, zinta bat ipiniko dugu bidea markatu eta ez galtzearren.

Jan-edanarekin nola moldatuko zara?

Jateko solidoena behean hartuko dut, itzulia eman eta gero atseden hartzeko baliatuz. Goian, berriz, jela, likidoa eta barratxo energetikoak izango ditut.

Ikusmina ere dezentekoa izango da herrian.

Abaltzisketa inguruan «boom» nahikoa egon da azken asteotan erronka hau dela-eta. Jende asko izatea espero da eta pozgarria da hala izatea.

Hartara, ia esan daiteke hasi aurretik arrakasta lortu duzula?

Gustura hartzen da erronka honek jendearen artean oihartzuna izatea, baina nahiago nuke arrakasta bukaeran izan. Nire erronka dieta makrobiotikoa eginda ere lehiakor izan gaitezkeela erakustea da eta horregatik planteatu dut nire buruarekiko eta gainontzekoekiko erronka hau.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo