GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Euskal Herria jaietan

Gaztetxoek beren eguna ospatu zuten Zeledon eta Neska txikien jaitsierarekin

Atzokoa Haurren Eguna izan zen Gasteizko jaietan, eta gogo biziz ospatu zuten gazteenek. Goizean Zeledon eta Neska txikiren jaitsiera egin zuten, arratsaldean «paseillo» delakoa eta beste hainbeste. Alejandro Izaga eta Idoia Beitia gaixo zeuden haur guztiez oroitu ziren, muxu erraldoia bidaliz; gainera, Plaza Berrian bildu ziren ume guztiak festara animatu zituzten.

p020_f02_131x096.jpg

Iñaki SALABERRI

Eguraldi goibela izan bazen ere, euri itxura baitzuen eta tenperatura oso freskoa baitzen abuztua izateko, ume eta nagusiz bete zen atzo goizean Gasteizko Plaza Berria, Zeledon Txiki eta Neska Txikiren jaitsiera ikusi ondoren, haiekin batera Haurren Egunari hasiera emateko.

Jaitsiera hasi baino lehenago, aurkezle batek egitarauan jasotako hainbat jarduera gogorarazi zituen, eta horren ostean, ikuskizunari bidea eman zion. Ekitaldia, euskaraz eta gaztelaniaz egin zena, hamabiak puntu-puntuan hasi zen; kanpai hotsak entzun bezain laster, blusaz eta neskaz jantzitako bi gaztetxok suziria jaurti zuten. Orduan, globo laranja mordoa zerurantz igo bitartean, Zeledon Txiki eta Neska Txiki balkoi batetik plazaren beste puntaraino jaisten hasi ziren, plaza zeudenen arreta osoa berenganatuz.

Txupinazoak txikienetako asko izutu bazituen ere, Gasteizko Udal Bandak berehala animatu zituen bertan ziren ziren gazte eta ez hain gazteak, Zeledonen abestia interpretatuz. Momentu hartan, doinu bakarrean entzun zen jaietako protagonistari abesten zaion kantu ezaguna, eta, artean, Zeledon Txikik eta Neska Txikik enparantza zeharkatu zuten, agertokira iritsi arte.

Giroa primerakoa izan zen atzoko egunean, haurrak poz-pozik zebiltzan eta plaza jendez gainezka zegoen. Erraldoiak ere bertan izan ziren Zeledon Txiki eta Neska Txikirekin dantzan, eta, hori ikusirik, ume gehienak ere dantzan eta abesten hasi ziren, jai giroan parte hartuz.

Urtero bezala, Zeledon Txikik eta Neska Txikik -Alejandro Izaga eta Idoia Beitia gazteak- bertan zeuden guztiei zuzenduz hitz egin zuten, eta bertaraturiko jende guztiari eskerrak emanaz batera, gaixo egonik ezin izan zuten guztiei muxu erraldoia bidali zieten, beste guztiek egin zuten bezalaxe.

Zeledon eta Neska txikiek haur guztiei eguna ederki ospatzeko eskatu zieten, «kaleetan zehar salto egin eta abesteko eguna zela» aldarrikatuz. Horrekin batera, Haurren Eguna zela-eta prestaturiko ekintzetan parte hartzeko gonbidapena egin zieten ume guztiei, bereziki nabarmenduz Zeledon Txiki eta Neska Txikirekin batera, arratsaldeko bostetako egitekoa zen koadrilen paseilloa, eta Prado parkeko «Abentura Lekuan» prestatutako joko eta merienda.

Ondoren, neskatila eta blusatxoa dantzan eta abesten hasi ziren, Udal Bandak Zeledonen omenezko kantua jo bitartean. Azkenik «gora Gasteizko jaiak eta gora Gasteiz» oihukatuz amaitu zuten hitzaldia. Bi aurkezletxoei alkateak opari bana emanda bukatu zuten ekitaldia.

Bertaratu ziren umeei galdetzean denek esaten zuten Zeledon Txiki edo Neska Txiki izan nahiko luketela, horiek baitira jaietako protagonistak, euren begietara behintzat. Gainera, jaitsiera oso gogoko dutela kontatu zuten, nagusiek egiten dutenaren oso antzekoa izanik, atzokoan umeek parte har baitezakete, nagusienean ez bezala. Hori gutxi ez eta, oso pozik agertu ziren, ez jaitsieragatik bakarrik, baita «argazki txiki» delakoarekin ere. Argazki hori blusa batzuekin egin zuten, eta, horrez gain, goxokiz betetako oparia jaso zuten. Atzokoan, Plaza Berrira bildu ziren ume guztiak pozez gainezka eta zertxobait urduri agertu ziren, eta prest, nolanahi ere, beraientzako antolatutako jarduerez gozatzeko.

Ohiko lore-eskaintza

Jaitsieraren aurretik, Zeledon Txiki eta Neska Txiki San Migel elizan izan ziren Andre Maria Zuriari egiten zaion lore-eskaintzan. Bikotearekin batera beste berrogei bat ume egon ziren, guraso eta aitona-amonek lagunduta, loreak eramaten. Bertaratu zirenen esanetan beste urteetan baino jende gehiagok parte hartu zuen atzokoan. Horren ostean, Ama Birjinaren horma-hobiaren aurrean dantzatutako ohorezko aurreskuan izan ziren, eta ondoren, berriz ere, lore-eskaintza egin zuten.

antzera egin nahi

Haur askoren nahia da Zeledon Txiki edo Neska Txiki izatea, beste umeak animatu eta festei bultzada emateko. Gainera, nagusien antzera janztea eta jaietako protagonisten jaitsiera ikustea gogoko dute.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo