GARA > Idatzia > Iritzia > Kolaborazioak

Luis Bandres EHUko irakaslea

Sebastian Iradier

Gure Sebastian Iradierrek, parrandero, gonazale, eta ibiltaria, eta gauza guzti horien gainetik, musikari aparta eta munduko airea ezagunenaren egilea da

Urte honetan abuztuaren 4tik irailaren 5era izango da Musika Hamabostaldia Donostian. Aukera hori, besteak beste, gure euskal musikariak gogoratzeko erabiltzen dugu. Ospe handia merezi duen euskal musikaria, mundu mailan ezaguna, eta, beharbada, maila horretan zabalduen dagoen soinuaren egilea denez gero, gogora ekarriko dugu: Iradier eta Salaberriko Sebastian, alegia.

Arabar hau Lantziegon jaio zen, orain dela berrehun urte, 1809ko urtarrilaren 20an, hain zuzen ere, San Sebastian egunean. Bederatzi urte zituela eta tiple moduan, Gasteizen ikusten dugu, Santa Maria izeneko Kolegiatan. Eta solfeoa eta organoa ikasi ondoren, San Migeleko organista izendatu zuten; eta bi urte geroago Aguraineko San Juan Bataiatzailearen elizako organista. Hemen, dirudienez, bere itxura dotorea eta harremanetarako erraztasuna zirela-eta, emakumeekin oso ondo konpontzen zen. Hori dela-eta, esaten denez, bertatik alde egin behar izan zuen, senar engainatu edo halakoren baten amorruaren aurretik. Orduan, eta bere musika maila hobetzeko, aitzakia agian, Madrilera konposaketan sakontzeko ikasketak egiteko baimena eskatu zuen, baita lortu ere.

Hemen, musikari moduan izugarrizko arrakasta lortu zuen eta aristokraten bileretan parte hartzen zuen, baita artista eta intelektualen elkarteetan ere. 1850ean Parisera joan zen eta hor ere, lehen bezala, antzerako giroan, galga altukoan, hain zuzen, sartu zen: bera giro horretan oso ezaguna zen, eta beraren abestiak goi mailako zirkuluetan abestu eta jotzen zituzten. Lau urte geroago Alboni soprano ospetsuak Ameriketara laguntzeko eskatu zion, baita berak onartu ere. Bere bidaia New Yorken hasi eta hainbat lekutatik iragan ondoren, Habanara iritsi zen.

Kuban Iradierrek erritmo geldoko dantza eta kantu bat aurkitu zuen; pixka bat landu ondoren, beste itxura bat eman omen zion, eta hala, habanera erritmoa delakoa asmatu edo egokitu. Honekin, Kubako ohiko eta jatorrizko kontra-dantzatik alde eginez, beste abesti eta dantza mota berri bat egokitu zuen, ezagutzen dugun habanera, alegia. Eta horien artean, munduan osoan ezaguna den melodia, «La Paloma» izenekoa, alegia.

Kuban egonaldi hau izan ondoren, berriro ere Europara itzuli zen eta Londres eta Parisetik pasatu eta gero, Gasteizera itzuli zen, eta han geratu hil artean. Bertan, Arquillos jaun baten etxean 1865ko abenduaren 6an zendu zen, bere lanaren garrantziaz artean konturatu gabe.

Orain dela ez asko Habanan izandako lagun taldeko batek kontatu zuen moduan, goi mailako ostatu batean afari bat izan ondoren eta kafea hartzen ari ziren bitartean musika-talde bat agertu zitzaien munduko abesti ezagunenarekin, «La Paloma», alegia. Orduan, oilo-ipurdia zuela musikariei inguratu zitzaien, eta galdetu zien: «Ba al dakizue abesti hau norena den?». «Nola ez, adiskide, Kubako konpositore handienekoa, Iradierrena, alegia» izan zen erantzuna. Orduan hemengoak esan zien: «Ba, ez adiskide maiteok, Sebastian Iradierrena bada, baina ez zen kubatarra, euskalduna baizik». Taldean zihoan mulata kantariak erantzun zuen: «Baina, zer esaten duzu, mi amó, nola izan daiteke euskalduna munduko habanera ezagunenaren egilea?». Hala ere, hala da, orain dela 150 urte berak konposatu zuen melodia hori.

Abesti hau munduan ezagunena den eta zabalduen dagoen melodia da, eta goi mailako abeslari gehienek kantatu izan dute, Maria Callasekin hasi eta Bing Crosbyrekin bukatu. Hain zabalduta dago, non eta Zanzibarren, esaterako, ezteietan jotzen baituten ezkon-martxa moduan, eta Mexikon, eta, zer esanik ez Kuban, bertakotzat dute-eta.

Baina, Iradierren eragina ez da hor bukatzen, Bizet-ek, bere «Carmen» izeneko operan «Avanera» izeneko abestia sartu zuen eta hau «El Arreglito» Iradierren soinu bat baino ez da, esaterako. Badago Iradierren beste habanera musika klasikoan, Lalo konpositore frantsesarena, «Neguita» izeneko bere lan sinfoniko batean.

Gure Sebastian Iradier, parranda zale, gonazale, eta ibiltaria, eta gauza horien guztien gainetik, musikari aparta eta munduko aire ezagunenaren egilea da. Beraz, besteak beste, munduko abesti famatuaren egilea denez gero, gogora ekarri behar dugu Euskadin. Bertan jaio zela, bertan bizi zen bolada batean eta bertan hil zen, hau da, berta-bertakoa zela aldarrikatzeko zioa eduki badaukagulakoan nago, eta harro gainera.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo