Antzinako altzari eta objektuen azoka zabalik da Angeluko Quintaou plazan
Ainize BUTRON
Angeluko «Festival des chineurs» ekimenaren zortzigarren edizioa iragaten ari da atzo eta gaur artean, Quintaou izeneko plazan. Antzinako piezak eta dekoraziorako objektuen azoka-jaialdi horrek, ehun saltzaile bildu ditu aurten. Estatu frantseseko hego-mendebalde osoko antzinako objektuen saltzaileen eskaintzak ikusteko eta erosteko aukera emango du ekimenak, izan ere.
«Oroipenez beterik dauden tresnen istorioak kontatuz, altzari eta tresna horiekiko duten pasioa beraiekin partekatzeko aukera ematen du jaialdiak», azpimarratu zuten antolatzaileek. Gunez gune kokatuak diren mahaietan ezusteko tresna edo altzari ederrak aurkitzeko aukera jarriko du bertaratutako bildumagileen edo zaleen eskura.
1970ko hamarkadako diseinua, lantegietako altzariak, lekuko edo antzinako liburuak, bitxiak, aulkiak, baxerak, portzelanak, brontzeak, musika tresnak, XX. mendeko Art Deco, karta-postalak, oihalak, mihise zaharrak, artelanak edota XVIII. mendeko altzari eta margolanak biltzen dira Quintaou plazan.
Hau da, mendez mende baliatu izan diren tresna askotarikoak aurki daitezke. «Garai bat markatu duten piezarik ederrenak, baliagarritasun berezirik gabeko edo apainketa hutserako tresna ugari zabaltzen dira erakusmahaietan.
Bulego edo lantokiko tresnen aipamen berezi bat egin zuten antolatzaileek. Azken urteotan antzinako altzarien saltzaileen arreta bereziki erakarri duen arloetako bat da industriako altzariak.
Industria altzariak
Fabrice Pezon mota horretako altzarien saltzailea da. Azken bi urteotan lantegiak miatzen, eta botatzekotan ziren burdinazko altzariak bildu eta berritzen aritu da. «Altzari klasiko bat baino indar gehiago dute pieza horiek adierazten dutenagatik», goraipatu zuen gisa horretako altzariak gero eta arrakasta gehiago izaten ari direla argituz. Industrian baliatuak izan diren altzariak lehen aldiz aurten agertzen dira Angeluko Quintaou plazako antzinako tresnen azokan.
Atzo hasi eta gaur arratsaldeko zazpietan bukatuko da Angeluko «Festival des Chineurs».