Elkano eta bere itsasgizonen lehorreratzea bi urte lehenago
Juan Sebastian Elkanok 1522an, abiatu eta hiru urteren buruan, munduari bira eman eta Sanlucar de Barramedan lehorreratzea lortu zuenekoa gogoan izan zuten atzo Getarian. Lau urtean behin egiten den antzezpena bi urteren ostean errepikatu zuten atzo, hautsak harrotu dituen Getariako herriaren 800. urteurrena zela eta. J
Ane ARRUTI
«Lau urte pasa al dira bada?», galdetzen zuen oraindik ere despistaturen batek. Ez, ez larritu, 2007an antzeztu zen azken lehorreratzea. Aurten, ordea, urte berezia da getariarrentzat. Izan ere, 800 urte bete dira Gaztelako erregeak hiri gutuna eman zionetik. Hori dela eta, urte osoan zehar ekintza ugari burutu dituzte, eta Salbatore jaietan, herriko seme ezagunenaren balentria gogoan eduki nahi izan zuten atzo. Urtemuga honek ekarri du, hala ere, haria atzetik. Herrian eztabaida eta inoiz baino interes handiagoa piztu da gaiaren inguruan. «Ospatzeko» ez, «gogorarazteko» data dela azpimarratu nahi izan dute askok eta askok, «Euskal Herriaren konkista eta asimilazioaren lehen harria» ikusten baitute urtemuga horretan. Urtean zehar antolatu dituzten hitzaldi eta ekitaldi guztietan, sekula baino jende gehiago bildu da eta Getariako Sustraiak lantaldea ere sortu da, herriko historia berritzeko asmoa bultzatzeko helburuarekin.
Batetik eta bestetik tiraka hasita, trapu zaharren batzuk ere agerian geratu dira, eta desadostasunak eragin ditu, batez ere, helduenen artean. «Orain arte Jaungoikoaren pare geneukan Elkano, idolo modura. Orain, ordea, hasi dira esaten kartzelan egon zela eta bandido bat zela... Auskalo!», kontatu zuen batek. «Egin zuena balentria izugarria da, garai haietan, egoera haietan, munduari bira ematea, alegia. Hori ezin du inork ukatu. Baina gero, portu bakoitzean gizon haiek denak nola ibiliko ote ziren...», zioen beste batek.
Polemika sortzeko beste arrazoietako bat, egun berezi honetarako Andaluziatik ekarri den «Nao Victoria» ontziaren erreplika izan da. Getariako hautetsi independentisten arabera, 137.000 euro kostatu da, festa guztien aurrekontuaren bikoitza (73.000 euro). «Egun berezi honetarako merezi du horrelako ontzi dotorea ekartzeak», esan zuen lehorreratzea ikustera bertaratutako batek. Beste askok aurkako iritzia azaldu zuten, ordea: «Gero krisian gaudela esango dute, eta begira. Txosnetarako ez dute euro bat bera ere eman. Herritarrei galdetu beharko liekete halako gastuak egin aurretik», esan zuen gazte batek.
Lehorreratzea
Eztabaidak eztabaida, herri osoa murgildu zen atzo Elkanoren eta berarekin Andaluziako Sanlucar de Barramedako portura bizirik heldutako 18 itsasgizonen lehorreratzea ikusteko. Eguerdiko hamabiak alderako, guztia ondo ikusteko txokorik hoberenak gordetzen ari zen jendea eta pixkanaka-pixkanaka, euriari ere aurre eginez, lepo bete zen dena. Lauretarako errepide guztiak itxi behar zituztela jakinda, asko izan ziren egun pasa egitera joan eta bertan bazkaldu zutenak, baita oinez edo bizikletan hurbildu zirenak ere, eta tabernek ez zuten aukera alferrik galdu.
Arratsaldeko bostetan, kanpai eta sirena hotsekin eta bertaratutako denak dardarka jartzea lortu zuten 21 ohorezko salbe edo kanoikadekin batera, «Getariako arratoia»ren atzetik agertu ziren «Nao Victoria»ren mastak. Herriko baporeek lagunduta egin zuen moilara sarrera. Barruan, hiru urte lehenago abiatutako bost barku eta 265 gizonetatik bizirik irautea lortu zuten bakarrak, Elkano buru zutela. 1995etik Elkanoren larruan sartzen den Manuel Gorostiaga izan zen lurreratzen lehena. Kandela oker bat eskuan zuela, belaunikatu eta lurra musukatu zuen, ikusleen txalo zaparradaren artean. Getariako musika bandak ongietorria egin zien. Kaian ziren, baita ere, Gipuzkoako Foru Aldundiko zenbait agintari, inguruko herrietako ordezkariak eta Getariako alkate eta zinegotziak. Horien artean, Getariako hiru hautetsi independentistak, «Non dago Jon?» galdera zuen kamisetak soinean eta euskal preso eta iheslarien etxeratzearen aldeko banderolak eskuetan zituztela.
Ongietorriaren ondotik, oinutsik, arropak hautsita eta bizar eta ileak luze, hankak lurretik altxatzeko ere ia indarrik gabe, Salbatore Deunaren elizara abiatu ziren balantzaka. Sevillako katedralean egin zuten bezala, Antiguako Ama Birjinaren aurrean belaunikatzeko asmoz joan ziren hara. Getariako parrokoak eman zuen meza bertan, herriko abesbatzak lagunduta. Behin arropa txukunak jantzi eta itxura konponduta, Elkanok Valladoliden Carlos I.a errege espainiarrari egindako bisita izan zuten gogoan. Horretarako, bere segizioaz gain, munduko bost kontinenteak ordezkatzen zituzten herriko bost emakumez inguratu zen karroza baten gainean.
Herriaren sarreran kokatuta dagoen Elkanoren monumentuan zain zituzten erregea eta bere laguntzaileak. «Hiru urteren ondoren, galdutzat jotzen zintuztegun. Pozgarria da niretzat zuek ikustea», adierazi zion Carlos I.ak getariarrari. Ondoren, «Primus circundedisti me» inskribatua zuen armarria eskaini zion.
Unerik hunkigarriena bukaeran iritsi zen. Udaletxe aurrean zain zituzten Getariako banda eta abesbatza, herriaren izenean ongietorria egiteko. «Gora Elkano!» ereserkiarekin, malko bat edo beste ihes egin zion ikusle bati baino gehiagori eta honela eman zioten amaiera lehorreratze jendetsu honi. Festa eta jai giroak ez du etenik, ordea, Getarian. Gaur Koadrilen Eguna ospatuko da eta bihar, Haurren Egunarekin amaituko dira aurtengo salbatoreak. Gainera, «Nao Victoria» barrutik ikusteko aukera ere izango da gaur eta bihar eta datozen egunetan, Hondarribia, Mutriku, Lekeitio, Bermeo eta Bilboko portuetara ere joango baita, nahi duenak bertatik bertara ezagutzeko.
Ikusle andana moilan batuta antzezpena ikusten zegoen bitartean, Getariako beste aldean, Herriko Taberna parean istiluak sortu zituen bertara jotako Ertzain multzoak. Horren berri dakar gaurko GARAk, hamalaugarren orrialdean.
Hautsak harrotu ditu «Nao Victoria» ontzia Andaluziatik ekartzeagatik xahutu den dirutzak. Kontuak kontu, ontzia barrutik ikusteko aukera izango da gaur eta bihar Getarian, eta Hondarribia, Lekeitio, Mutriku eta Bermeon gero.