GARA > Idatzia > Kultura > Musika

«Emanaldietan gu garena islatzen saiatzen gara, gezurrik edo tranparik gabe»

p046_f01_199x124.jpg

Alex Sardui

Gatibu taldeko abeslaria

Joan den urtean «Laino guztien gainetik, sasi guztien azpitik» kaleratu zutenetik, kontzertuz kontzertu dabil Alex Sardui Gatibu taldearekin. Gaur bertan etxean joko dute, Gernikan, eta datozen egunetan, berriz, Laudion eta Bilbon. Emanaldi bereziak izango dira, irudietan eta audioan grabatuko baitira.

Koldo OTAMENDI | DONOSTIA

2002. urtean Gatiburen «Zoramena» diskoak Euskal Herriko musika eszena erabat aztoratu zuen eta istant batean Gernikako taldea puntako taldeen artean kokatu zen. Jarraian, «Disko Infernu» argitaratu zuten 2005ean, eta iragan urtean, berriz, estudioko azken diskoak ikusi zuen argia Baga Biga diskoetxearen babesean: «Laino guztien gainetik, sasi guztien azpitik». Estudioko lanetan zorrotz eta fin aritzen dira gernikarrak; ñabardura txikienak ere kontuan izaten dituzte kantu bakoitzean, eta taula gainean berriz, zuzeneko indarra eta ikusleekiko hartu-emana bilatzen dute nagusiki. Une honetan, kontzertuak dira Gatiburen lehentasuna eta makina bat dira taldeak hitzartuak dituen emanaldiak.

Estudioko azken diskoak eman du bere fruitua. Kontzertu andana aurten eta Gaztea irratiaren 2008ko disko onenaren eta kantu onenaren saria «Bang-bang txik-txiki bang-bang» kantuarekin.

Eskertzen dira horrelako sariak, azken batean, gauzak ondo egin diren seinale baitira. Bi sari horiek Gatiburi eman badizkiote zerbaitegatik izango da. Entsegu lokalean hilabete luzeetan landutakoak fruitua eman duela ikustea estimatzekoa da.

Maiz musika talde baten arrakasta saldutako disko kopuruaren arabera neurtzen da. Ondo saldu al da diskoa?

Salmenten beherakada ez da Euskal Herriko arazoa bakarrik, baina, akaso, euskal musika taldeei min handiagoa egiten dio. Azken urte hauetan disko salmenta izugarri jaitsi da eta zuzeneko kontzertuak bihurtu dira talde baten arrakasta neurtzeko termometrorik onena. Gatibuk ikusle andana biltzen du emanaldi bakoitzean, beraz, ezin gara kexatu.

Entsegu lokaleko eta estudioko lanak atzean utzita, une honetan zuzeneko emanaldiak dira taldearen lehentasuna.

Musika talde baten jarduna ziklikoa da askotan. Entsegu lokalean kantuak prestatu, estudioan grabaketa egin eta azkenik agertoki gainean abestiak aurkeztu. Eta amaitzean, berriro hasten da zikloa. Gure kasuan, bi urte luze eman genituen entsegu lokalean hirugarren diskoa prestatzen eta orain zuzenekoak dira lehentasuna.

Hamar urteko ibilbidean, hiru disko eta 30 kantutik gora idatzi dituzue. Nolakoa da gaur egun taularatzen ari zareten kantu zerrenda?

Hainbeste kanturen artean aukeraketa egitea zaila den arren, emanaldi ezberdinak egiteko gaitasuna ere ematen du. Hortaz, ez ditugu kantu berberak behin eta berriro jo beharrik eta kontzertuak ezberdinak izaten dira toki bakoitzean.

Gasteiz, Donostia, Gernika, Laudio, Bilbo... Toki eta gune esanguratsuetan hitzartu dituzue emanaldiak.

Donostiako Saguesen edo Bilboko Abandoibarran aritzea ez dago euskal musika talde askoren esku. Kanpoko taldeak ohiturik daude horrelako leku handietan aritzea, milaka lagunen aurrean, baina euskal taldeentzako horrelako aukerak ez dira errazak.

Gaur bertan Gernikan ariko zarete, etxean.

Etxean eta etxekoen aurrean jotzeak sortzen du nolabaiteko urduritasun puntu bat, eta presio hori nabaritu egiten da. Hala ere, Gernikan jotzeak bete egiten gaitu eta barruan dugun guztia ematera aterako gara.

Aipaturiko hiru kontzertu irudi eta audioan grabatuko dituzue. Epe laburrean DVDren bat kaleratzeko asmotan?

Oraingoz grabatu egingo ditugu eta emaitza ikustean ikusiko dugu zer egin eta noiz, nola eta zein formatutan kaleratuko. Hiru kontzertutan hartuko ditugu irudiak, eta zuzenean gu garena islatzen saiatuko gara, gezurrik eta tranparik gabe. Taula gainean garen bezalakoak azalduko gara, apaingarri eta muntaia handirik gabe.

Zergatik da hain zaila Gatibu gaztetxe edo erdi mailako edukierako areto batean ikustea?

Zuzenean aritzeko gutxieneko baldintza batzuk behar ditugu. Taula gainean bost gara, baina gure atzean lan talde oso bat dago: soinu eta argi teknikariak, managerra, produkzioa... Produkzio gastu batzuk badira, eta gaztetxe edo areto txiki batean jotzen badugu, dirua galdu egiten da. Jada 200 kontzertu baino gehiago eskaini ditugu Gatibu sortu zenetik, eta, egun, gutxieneko baldintza batzuk eskatzen ditugu zuzenean jotzeko.

 
salmentak

«Azken urteetan disko salmenta izugarri jaitsi da, eta kontzertuak bihurtu dira talde baten arrakasta neurtzeko termometro onena»

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo