Kurdistango gatazka, konponbidetik hurbilago
Abdullah Ocalan buruzagi kurduak bere «yol haritasi» edo errepide mapa aurkeztuko duen egunaren bezperan, GARAk PKKko Europarako buruzagia elkarrizketatu du Orsola Casagrande kazetariaren eskutik. Elkarrizketatuak errepide mapa honen testuinguru politikoa aztertzen du, azken urteetan kurduen borrokak izan duen bilakaera eta Turkiako Estatuan ematen ari diren aldaketak kontuan hartuta. PKKko ordezkariak esaten dituenak ezagunak dira euskal herritar gehienentzat. Ez soilik Euskal Herrian kurduenganako dagoen begiruneagatik eta hango gatazkari buruzko ezagutzagatik, edozein gatazka politikoren konponbidean oinarrizkoak diren printzipioak aipatzen dituelako baizik: elkarrizketa inklusiboak izatea, pedagogia politikoaren beharra, akordiorako borondatea... Aspaldian guztiz enkistatuak ziruditen gatazka armatuak elkarrizketa politikoaren bitartez konpontzeko saiakera ugari azaltzen ari dira orain. Kurduen eta turkiarren arteko gatazkaz gain hor daude, adibidez, FARCen eta Kolonbiako Estatuaren artean hasi omen diren kontaktuak edo Polisarioren eta Marokoren arteko elkarrizketa berriak. Alegia, «terrorismoaren aurkako guda»ren ajea igarota, negoziazio politikorako giroa nagusitzen ari da gaur egun munduan. Pena da espainiar eta frantses agintariak giro honetatik guztiz aparte agertzea, isolatuta.