Antzerkia, musika eta mimoa, Donostia ikuskizunez blai
Arratsaldeko bostetatik aurrera Donostiako bulebarretik paseo lasaia ematea ezinezkoa da. Horren erantzule nagusiak dira kale artistek ematen dituzten ikuskizunak. Bakoitzaren inguruan ehunka lagun biltzen dira tarte baterako entretenituak egoteko. Kalea askea izan, eta jaberik ez duen arren, artistek, elkarrenganako begiruneagatik, txandak errespetatzen dituzte, nahiz eta batzuetan leku berberean aritu nahi izateagatik euren artean tirabirak sortzen diren.
Oihane LARRETXEA
Aste Nagusian hamaika dira antolatutako ekitaldi, ikuskizun eta emanaldiak. Bai programa ofiziala, bai Piraten egitarau alternatiboa, amaigabeak dira aukerak. Hala ere, aurreikusi gabeko emanaldiak ere badaude: kaleko artista txikiek ematen dituzten ikuskizun handiak.
Handiak ez tamainan, baizik eta atzean ezkutatzen den lana dela-eta. Hori baita artistak bilatzen duena, kalitatezko ikuskizuna eskaini eta une horretan paretik paseoan igarotzen ari dena ikustera gelditzea.
Asko dira hiriko kaleak, eta milaka iskinak, baina bereziki Boulevard zumardian pilatzen dira guztiak, nork bere txokoa hartu nahian, inguruan jendea bil dadin.
Goizaldean lasai dago pasealekua, baina arratsaldea heldu bezain pronto, perretxikoak bezala azaltzen dira artistok. Eta inguruko jendearekin, ezinezkoa gertatzen zaio, adibidez presaka dabilenari, bulebarra nahi lukeen bezain azkar zeharkatzea. Zer esanik ez bizikletan dabiltzanei.
Orokorrean, artista bakoitzak emanaldia eskaintzeko leku kutun bat izaten du. Hala, ohituratzat hartzen dute han edo hemen jartzea.
Felipe Ugarte eta Beñat Iturrioz txalapartariak dira aspalditik, eta ohiko legez, bulebarrean zeuden. «Gu normalean iskina honetan jartzen gara, leku ona delako, zabala, irekia, eta jende mordoa pilatu daitekeelako inguruan. Gaur, ordea, beste talde batek ere iskina berbera nahi zuen, eta denbora banatu behar izan dugu», zioen Ugartek.
Txandaka jotzea ere artistek barneratuta duten ohitura da. «Ikuskizuna ematen hasi aurretik kontuan izan beharra dago albokoak amaitu duen edo ez. Minutu batzuk itxaronda, berak amaitzean, ni has naiteke, eta hala ez diot ikuslerik kentzen», azaldu du Andoni Lopezek.
Gartxot kantariak berriz ez du ikusle pilo handirik bilatzen. «Kantua sentitzen dudan egunean jaisten naiz kalera barruan dudana abestuz esatera. Batzuetan jende gehiago eta besteetan gutxiago, baina ez diot horri erreparatzen».
Jendearen harrera onaz edo txarraz aritzean argi adierazten dute denek oso garrantzitsua dela berritzea. Ikuskizuna hori da, eta berritasuna, emozioa, eta berezitasuna eskaini behar dira, edozer gauza, aspertzea izan ezik. «Artista batek ikuslea ez badu hunkitzen, emozionatzen, zirrara sortzen, zerbait aldatu behar duen seinalea da», ondorioztatzen du Lopezek. Horretarako ikertu egin behar da, zer gauza berri eskain dezakeen norberak. Lopezek negua erabiltzen du horretarako. «Zirku ikuskizunak egiten ditut batez ere, antzerkia erabiliz aldi berean. Udara askoz erosoagoa denez kalean aritzeko, negua trebatzeko eta berriztatzeko erabiltzen dut».
Ugarte eta Iturriozek ostegunean, esaterako, lehen aldiz txalaparta emanaldia eskaini zuten break-dance talde batekin. Mutil alemaniarrez osatutako taldea da, eta bateriaz lagunduta erritmoz betetzen dituzte kaleak. Nahasketa hau gutxi balitz, Nae musikari errumaniarra dago beraiekin, sorterriko zinbal instrumentu klasikoa jotzen.
Beraz, txalaparta, bateria eta zinbala nahastuta lortzen duten emaitza berezietan berezia da. «Kasualitatez elkartu gara beraiekin, kalean egoteaz ezagutu dugulako elkar. Probatzearren egin dugu, eta jendetza bildu da inguruan. Nahi gabe egindako berrikuntza izan da honakoa, eta pozik gaude arrakastarekin» ziurtatzen du Ugartek.
Berritzeko gaitasun horrek saria merezi du, baina dirua emateko orduan, jendeak alde egiten omen du. «Atzean daudenek, batez ere, txapela ikusten dutenean hanka egiten dute, baina asko dira aukeran dauden ikuskizunak, eta neurri batean ulergarria da, beraz», ondorioztatzen du Lopezek.
Batzuek atsedena hartuko dute, eta besteek berriz Bilbon dute orain begirada. «Donostiako jaietan bi egun eman ditut, eta agian animatuko naiz Bilbokoetara joaten», dio Ugartek.
Gartxotek aldiz ez du festarik buruan. «Berdin zait astelehena eta udara izan, edo neguko larunbata izan, niretzat terapia baita kantua».
Arratsalde batean, une berean, zenbatezinak dira ikuskizuna eskaintzen duten artistak. Egunetik egunera, batzuek hiria utzi, eta berriak gehitzen dira bulebarrean bere saioa emateko.
Kale artista gehienak lekuz leku ibiltzen dira saioa zabaltzen. Euskal Herrian udaran hamaika jai daude eta horregatik ez da harritzekoa izaten leku batean ikusitakoa beste batean topatzea.