GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Burlatan, mende laurdena euskal kulturaren eta euskararen alde

Burlatan ospakizunetik ospakizunera dabiltza aurten; erraldoi eta buruhandien konpartsak 40 urte betetzen ditu eta Axular kultur elkarteak 25. Hauek herrian etxe bat erosi zuten eta bertan aritzen dira lanean, euskal kulturaren alde egiten, Burlatako euskaldun eta euskaltzale guztien laguntzarekin. Egun badira 210 bazkide inguru eta festetan hainbat ekintza antolatu dituzte ofizialez gain, euskara atzean gera ez dadin. Burlatarrek hiru egun daramate festetan.

p025_f02.jpg

GARA

Jaiak aurrera doaz Burlatan, baina beste hiru egun geratzen dira amaitu aurretik. Bihar calderete bazkaria egingo dute, herritar asko dagoelarik horren zain.

Erraldoi eta buruhandien Konpartsak 40 urte bete ditu aurten, Burlatako festetan kaleak alaitzen. Hiru burlatar izan ziren, 1967. urtean taldea sortu zutenak, eta ordutik buruhandi eta erraldoi berriak erosten joan dira, eta hala, herriak baditu pertsonaia propioak.

Konpartsaz gain, Axular kultur etxeak ere aurten urteurrena ospatzen du.

25 urte euskararen alde egiten

Axular Burlatako kultur elkartea da, herrian euskara eta euskal kulturaren alde egiten duena. Aurten 25. urteurrena betetzen du, 1984. urtean euskal talde batek sortuz geroztik, bazkideak lortzen eta proiektua garatzen joan da. Egun Ermita kalean daukaten etxea 1985. urtean erosi zuten eta pixkanaka berrituz joan dira

Elkartea 210 bazkide inguruk osatzen dute, haietatik erdia euskalduna delarik.

Helburu nagusia euskal-gune bat osatzea da, herriko euskaldun eta euskaltzale guztiak bilduz. Baita Euskal Herriko beste elkarte batzuekin biltzea ere, harremanak sortuz eta elkarlanean garatuz.

Hainbat ekintza antolatzen dituzte urtean zehar, esaterako, urtean lau aldiz euskarazko aldizkaria kaleratzen dute. Herriko kultur astea ere eurek prestatu ohi dute. Aurten lehenengo aldiz Euskal Tribial joko bat osatu dute.

Burlatako festetarako ere egitaraua osatzen dute. Ekintzen artean, atzo, Euskararen Eguna izanik, «Atxikistan» antzezlanaren emanaldia, eta euskaraz eta euskararen aldeko afaria izan zituzten. Gaurko, besteren artean mus txapelketa, eta talo eta krepe afaria. Datozen egunetan, euskaraokea, txokolate jatea, jolasak euskaraz, DJ Bertso...

Elkartearen xedea, euskara bultzatzea delarik, horretan aritzen dira lanean urte osoan zehar, laguntza murritzekin.

Datozen egunetan...

Aurretik hiru egun geratzen direlarik, badago zer egin Burlatan. Gaur Antiguoen Eguna da, goizean erraldoien topaketa izango da, bertan hainbat konpartsek hartuko dute parte. Bihar, berriz, calderete herri bazkaria egingo dute... Emakumearen egunean berdintasunaren aldeko bazkaria, gero Lucianorekin dantzaldia...

EMAKUMEen EGUNA

Asteartean Emakumeen Eguna izango dute, horren harira, berdintasunaren aldeko bazkaria antolatuko dute, paella jana, eta horren atzetik, Lucianorekin dantzaldia.

azken eguna

Hilaren 19an, azken eguna delarik, besteak beste, konpartsaren agurra, txokolate jana, herri kirolak eta kale antzerkia izango dituzte, eta azkenik, 00.00etan «Pobre de mi» delakoa, Nesken txarangarekin.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo