GARA > Idatzia > > Euskal Herria

«`Festa berdintasuna' nahi dugu, geure aukera zilegi bihurtu»

p015_f01.jpg

Ekain Ormazabal
Donostiako Pirataren bozeramailea

Aste Nagusian programa ofizialaz haratago, aukera gehiago badaudela erakutsi dute Piratek. Aurtengoa zazpigarren urtea izan da eta dagoeneko askorentzat derrigorrezkoa da asistentzia. Urtez urteko lan gogorrak fruitua eman du, parte hartzea gero eta handiagoa baita. Erakunde ofizialek ere ezin izan diote errealitateari bizkarra eman eta kaleratu dira lehen iritziak. Piratek beraien balorazioari ekin diote.

Oihane LARRETXEA

Aste Nagusia prestatzeak lan handia du atzean, ia urtebetez aritzen baitira Donostiako Piratak ekitaldiak antolatzen eta koordinatzen. Aurten bederatzi egun izan dira eta guztiaren gainetik festa giroa, umorea eta parte hartzea nagusitu dira. Kontzertuak, jolasak edota txapelketak, denetarik eskaini da inor kanpoan gelditu ez zedin.

Orain, balorazioa egiteko garaia da, zer hobetu eta zer gehitu daitekeen pentsatzeko, berehala ekingo baitiote berriro lanari.

Festen biharamun honetan, zein da Piratek egin duzuen balorazio orokorra?

Balorazioa guztiz baikorra da, oso ona. Gezurra dirudien arren, urtez urteko bilakaera nabaritzen ari gara, eta hobera gainera. Pentsatzen dugunean ezin dela hobera egin, ezin dugula gehiago hazi -parte hartzeari dagokionez batez ere-, jendeak gogo handiagoz erantzuten du. Kontuak egiteko orduan, harrituta gelditzen gara.

Parte hartzea aipatu duzula, garrantzitsua da zentzu horretan duzuen harrera, ezta?

Bai, oso. Gainera emaitza orokorraz hitz egiteko biltzen gare- nean puntu garrantzitsua da honakoa, eta zenbakiek gure alde hitz egiten dute. Antolaketa aldetik esfortzua egiten da hobetzeko, baina jendeak berak jartzen duena ere aitortu egin be- har da. Bestalde, urtero parte hartzeko gogoz gelditu den jendea topatzen dugu, eta hor dago erronka, leku guztietara iristea nahi duen orok gurekin parte har dezala.

Aurten estreinakoz egindako ekitaldiek arrakasta izan dute?

Ekintza berriak, berriak izan diren aldetik ez dira jendetsuenak izan, baina oso ondo funtzionatu dute. Esaterako, Erromeria Eguna oso polita izan zen, giroa eta lekuagatik, eta errepikatzeko asmoa dugu. Baita Helduen Eguna ere, beraiei zuzendutako zerbait egitea ezinbestekoa ikusten dugulako guk festa ulertzeko dugun moduan. Harria botata dago, beraz, bidea irekita gelditu da.

Orain egun batzuk Donostiako Udala lehen aldiz Piraten programaz mintzatu zen, hain zuzen, Abordatzeaz, eta arrakasta onartu zuen. Zer diozue?

Alkateak aipatu zituen hitzak politak dira, baina ez dugu hori bakarrik nahi, alegia, ekintzak nahi ditugu. Gure programa garatzeko eta hobetzeko bitarte- koak jartzea espero dugu: espazio fisiko bat ekintzak bertan egiteko. Eta hori zilegitasun handienarekin lortu nahi dugunez, ikasturte hasieran lan tailerrak antolatu ditugu.

Beraz, lanari ekingo diozue berehala.

Parte-hartze tailerrak izango dira, aste honetan egindako harremanak aprobetxatuz Donostiako herri adierazpena hazteko, sortzeko, baina egitarau eta espazio finko batekin.

Piraten programak frogatzen al du festa mota askok dutela tokia Donostian?

Hau ez da festa onenak nork egingo dituen frogatzeko borroka bat. Festetan pluraltasuna posible dela, eta denok aukera berberak merezi ditugula erakutsi nahi dugu. Gu ez gara festaren osagarri bat, protagonistetako bat baizik. Eta hala garen aldetik, baldintza eta aukera batzuk behar ditugu. Hori da gure balorazioaren ardatza.

Zenbat jende dago atzean Piraten ekimena ahalbidetzen?

Zenbatezinak dira laguntza eskaintzera gerturatu diren lagunak. Hau borondatezkoa da, eta ezin dut eskertu gabe utzi alde horretatik jaso dugun laguntza. Guretzat oinarrizkoa da antolaketa ez izatea koadrila bakarraren eskutik, baizik nahasketa egotea, leku ezberdinetako jendeak osatzea. Gu ez gara bilakatu behar gustatzen ez zaigun monopolio horretan festak egiteko orduan.

Etorkizunari begira, zein helburu dituzte Piratek?

Jai batzorde bat eratu nahi genuke, egun dagoena baino zabalagoa, finkoagoa. Hamaika balore islatu nahi ditugu herri jai eredu aurrerakoi lortzeko. Eskaintzen den horretatik bereiztu nahi dugu eta zilegi den aukera izan.

 

ekintzak

«Udalak iritzia kaleratu du eta orain ezin du atzera egin; esan duen hori ekintzekin bermatzea nahi genuke. Benetako konpromisoa nahi dugu»

tailerrak

«Helburu asko ditugu buruan. Horiek lortzeko tailerrak antolatuko ditugu harreman eta lan truke gisa, herri jai aurrerakoien alde»

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo